Belgika

Belgikako Poliziak hil egin du ustez atzo Bruselan bi suediar hil zituen islamista

Estatu Islamikoko kidea dela adierazi zuen atzo erasotzaileak. Hil egin da Poliziaren tiroen ondorioz.

Erasotzailea Ypres bulebarreko eraikin baten barruan. BERRIA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko urriaren 16a
21:59
Entzun

Belgikako Poliziak zabaldu duenez, Bruselako Schaerbeek auzoko kafetegi batean tirokatu eta hil dute gaur goizean atzo Belgikako hiriburuan fusil batekin bi pertsona hil zituen islamista.

Annelies Verlinden Barne ministroak baieztatu du hil duten hori dela erasotzailea, eta erasoan erabilitako arma automatikoa topatu diotela.

Atzo gertatu zen erasoa, 21:00ak pasa, hiriburuko erdigunean, Ypres bulebarretik gertu, hain zuzen. Hainbat bideo zabaldu dira sare sozialetan. Dirudienez, moto batean bertaratu zen erasotzailea, eta kalaxnikov motako fusilarekin egin zion tiro ibilgailu bati; hartan zihoazen bi bidaiari hil zituen —suediarrak zirela zehaztu du Poliziak—. Eraikin batean ere sartu zen jarraian; pertsona bati tiro egin zion han.

Le Soir egunkariaren arabera, ustezko erasotzaileak EI Estatu Islamikoko kidea dela dio Facebook sare sozialean idatzi duen mezu batean: «Gure erlijioagatik bizi gara, gure erlijioagatik hilko gara, eskerrak Jainkoari». «Allahu akbar» (Ala handia da) ere oihu egin du, lekukoen arabera. Ihes egin du, eta oraindik ez dago atxiloturik. Le Soir -ek informatu duenez, Polizia «terrorismo» ekintza gisa ikertzen ari da tiroketa. Belgikako Fiskaltzako bozeramaile batek ikerketa abiarazi dutela jakinarazi du. Ez du erasoaren arrazoiari buruzko adierazpenik egin.

Larrialdi zerbitzuak eta Polizia mobilizatu dira. Alexander de Croo lehen ministroa, Barne ministroa eta Justiziako ministroa Belgikako Krisi Zentroan bildu dira, egoera ikuskatzeko. «Doluminak» adierazi ditu De Crook. Bien bitartean, Belgikako Mehatxua Aztertzeko Koordinazio Organoak 4 mailara igo du «alerta terroristako» egoera. Maila gorena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.