Belgikak 537 egun beteko ditu gaur gobernurik barik, eta konponbideak luze joko du, gobernu berria eratzeko ardura duen Elio Di Rupo sozialistak dimisioa aurkeztu baitio Albert II.a Belgikako erregeari. Oraingoan 2012ko aurrekontuen inguruko negoziazioa izan da gobernuaren osaketa oztopatu duena. Dimisioa onartu ala ez erabaki aurretik, egoeraren larritasunaz jabetzeko eta «porrotaren ondorioak neurtzeko» eskatu die erregeak joan den urrian gobernua eratzeko akordioa sinatu zuten sei alderdi politikoei.
Igande gauean bilera egin zuten koalizio gobernua osatzeko negoziazioetan dabiltzan sei alderdietako ordezkariek, baina ez ziren ados jarri datorren urteko aurrekontuak zehazteko orduan. Atzo berriro saiatu ziren, baina Di Rupok ordubeterik ere ez zuen egin bileran: berehala joan zen erregearengana dimisioa ematera. Izan ere, erregearen esku dago gobernua osatzeko ardura nori eman.
EBren presioa
Europako Batasuna estu hartzen ari da Belgika, 2012an gehiegizko defizita jaits dezan; gainera, azken egunotan eurogunean zabaldutako zorraren krisiak ere eragin du Belgikan, eta bere arrisku sariak ere gora egin du. Horregatik, erregeak nabarmendu du «ezinbestekoa» dela krisi politikoari konponbidea «lehenbailehen» bilatzea.
Gobernua osatzeko ituna sinatu duten sei alderdietatik hiru Valoniakoak dira, eta beste hiru Flandriakoak. Frantses hiztunen aldetik daude PS Alderdi Sozialista —iazko hauteskundeetan bigarren gelditu zen—, CDH demokristaua eta MR liberala; nederlandera hiztunen aldetik, berriz, CD&V demokristaua, Open VLD liberala eta SP.A sozialdemokrata. Gobernu berriko lehen ministroa PSko Di Rupo izango dela hitzartu zuten seiek iragan urriaren 13an. N-VA, 2010eko hauteskundeak irabazi zituen Flandriako alderdi independentista, bestalde, akordiotik kanpo laga zuten.
Larrialdiko gobernu eske
Azken egunotako bileretan Di Rupok 2012ko aurrekontuen inguruan eginiko proposamena «motz geratzen dela» adierazi du Flandriako alderdi Open VLDk. MR frantses hiztun liberalak, bestalde, enpresa txiki eta ertainei gehiegizko esfortzu fiskala eskatzen diela esan du. Bi alderdiek proposamen bana aurkeztu zuten atzoko bileran, baina gainontzeko alderdiek ez zituzten onartu, hari batean den gobernu akordioa haustea saihesteko.
Bitartean, negoziazioetan parte hartu ez arren, N-VAko ordezkariek larrialdiko gobernu bat berehala sortzea proposatu dute. Gobernu horretan sozialistarik ez izatea eskatu dute Flandriako independentistek, eta herrialdean piztutako «su sozioekonomikoa itzaltzeko» ezinbestekoa dela nabarmendu dute.
Belgikan gobernu berria eratzeko arduradunak dimisioa eman du
Gobernu akordioa lortu duten sei alderdiak ez dira ados jarri 2012ko aurrekontuak zehazteko orduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu