Belgikaren "solaskide bakarra" Espainia dela dio lehen ministroak

Katalunia izan dute eztabaidagai legebiltzar federaleko barne batzordean.

Charles Michel, Belgikako lehen ministroa. OLIVIER HOSLET, EFE
arantxa elizegi egilegor
2017ko azaroaren 8a
12:08
Entzun

Charles Michel lehen ministroak ukatu egin du Kataluniako auziak Belgikan "krisia" eragin duela. Haren esanetan, Espainian dute "krisi politikoa", nahiz eta hainbat eurodiputatuk kontrakoa esan. Horiek hala, iragarri du gobernuak ez duela esku hartuko auzian, eta justiziarena dela azken hitza: "Hark erabaki beharko du euroaginduaren inguruan".

Dena den, gobernuburuak berretsi du Espainia dela euren "solaskide bakarra" uneotan, eta alde horretatik ez dagoela inolako "anbiguotasunik". Hala, baztertu egin ditu gobernu koalizioan dagoen N-VA alderdiko zenbait ministrok eginiko adierazpenak, eta zehaztu du "Europako hiritar bat" dela uneotan Carles Puigdemont, beste edozeinek dituen "eskubide eta betebehar berdinak" dituela eta, beraz, inolako pribilegiorik ez duela: "Honekin esan nahi dut zuzenbide estatuarekiko errespetuz tratatuko duela Belgikako Gobernuak, gainontzeko herritar guztiekin egiten duen bezala".

Belgikako Parlamentuan lehen ministroari egin dizkioten 22 galderetatik 11 Puigdemonten bidaiari eta Kataluniako auziari buruzkoak izan dira. Michelek argitu behar izan du nahiago izan zutela adierazpenik ez egin Generalitateko buruaren bidaiaren zergatia argitu artean. Orain, berriz, "zentzuz" jokatu beharra nabarmendu du, eta "irtenbide politiko iraunkor" baten alde egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.