Serbiako Studio B telebistak adierazi zuen Bosniako Tuzla hiriaren inguruan antzeman zutela armadaburu ohia. Bosniako Tanjug albiste agentziak ere zabaldu zuen atxiloketaren berria. Haren arabera, Belgraden atxilotu zuten eta Tuzlara eramatekoak ziren, handik Hagara estraditatzeko han du egoitza Jugoslavia Ohirako Auzitegiak. Serbiako Gobernuak, ordea, gezurtatu egin zuen iragarpena. Belgradeko gobernuko eledun Srdjan Djuricek manipulaziotzat jo zuen atxiloketa iragarri izanaeta Serbiako Gobernuari kalte egiten ziola nabarmendu zuen. Djuricek ustez, Hagarekiko elkarlana oztopatzen du horrek. Hala ere, Serbiako B92 irratiak nabarmendu zuen hainbat iturrik berretsi ziotela Mladic atxilotuta zegoela. Genozidioa eta beste hainbat krimen leporatzen dizkio Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak, besteak beste, Srebrenican 8.000 musulman hiltzeagatik eta Sarajevoko setioan 10.000tik gora lagun hiltzeagatik. Europako Batasunak (EB) ezinbesteko baldintzatzat jarri dio Serbia eta Montenegrori Mladic eta Karadzic Hagaren esku uztea Batasunean sartzeko. Bestela, bat-egiteko prozesua etengo duela ohartarazi dio joan den urtean hasi ziren negoziazioak. Zehazki, otsaila amaitu bitarteko epea eman dio Olli Rehn Hedapen komisarioak Belgradi, Hagarekin bete-betean elkarlanean ari dela froga dezan. EBk presio egiten dion bakoitzean, Bosniako buruzagi serbiarrak atxilotzeko ahaleginen inguruko zurrumurruak zabaltzen dira Belgraden.
Estraditatzeko neurriak, martxan
Serbiako lehen ministro Vojislav Kostunicaren aholkulari batek zurrumurru horiek indartu ditu, Mladic estraditatzeko pausoak ematen ari direla esanez. «Une honetan Estatuaren esku dauden tresna eta bitarteko guztiak arazo hau konpontzera zuzenduta daude», adierazi zion B92 irratiari atzo Kostunicaren aholkulari Vladeta Jankovicek. Dena den, adierazi zuenez, ez zekien inor Mladicekin negoziatzen ari zen hark bere burua entrega zezan, ezta hura atxilotu zutenik ere.
Jugoslavia Ohirako Auzitegiko fiskal nagusiak, Carla del Pontek Mladic eta Karadzic babestea leporatzen dio Belgradi. Haren ustez, Serbian daude ezkutatuta. Belgradek dio ez duela haiek Serbian dauden frogarik. Serbiako zerbitzu sekretu militarren txosten baten arabera, Mladic instalazio militarretan egon zen ezkutatua 2002ra arte, Bosniako zein Jugoslaviako armadetako kide erretiratuen eta zibil batzuen laguntzarekin. Azken asteetan, haiek ezkutatzeaz akusatutako bi lagun atxilotu dituzte. 2004 eta 2005 urteen artean gerra krimenez akusatutako 15 lagunek beren burua entregatzea lortu zuen Serbiako Gobernuak. Jugoslavia Ohirako Zigor Auzitegiaren esku geratu ziren guztiak.
ESTRADIZIOA
Ustezko buruzagi paramilitar bat Hagaren esku
Bosniako serbiar Milan Lukic Argentinan atxilotu zuten iazko abuztuan, musulmanen aurkako gerra krimenak egiteaz akusatuta. Atzo, Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku utzi zuen Buenos Airesek. Zazpi urte zeramatzan ihes eginda.
Hagako Auzitegiaren arabera, Mendekatzaileak erakunde paramilitarreko sortzailea izan zen 1992an eta Bosniako Gerran musulmanen aurkako gerra krimen ugari egin zituen, besteak beste, Visegrad hirian musulmanak inguratu eta tirokatzea. Serbian, in absentia epaitu zuten 2003an eta 20 urteko espetxe zigorra jarri zioten. Serbiako Sjeverin herrian 16 musulman bahitzea eta ondoren torturatu, hil eta ibaira botatzea egotzi zieten Lukici eta haren hiru kideri. 1992an gertatu zen.