Suhair Belhassen. FIDH erakundeko presidentea

«Ben Aliren agintea iraulita dago, baina botere horren hondarrak daude oraindik»

FIDH Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioko presidentearen hitzetan, txalotzekoa da herrikideen jarrera; trantsizioan aurreko gobernuko kideak egotea ez dutela inolaz ere onartuko ohartarazi du.

2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Tunisian gertatzen ari dena «demokrazia berri baten adierazpena» dela uste du Suhair Belhassenek (Gabes, 1943). Egun, FIDH Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioko presidentea da, baina ez dio kazetari eta ekintzaile izateari utzi. Parisera erbesteratu zen diktaduran, eta, orain, jaioterrira itzuli da. BERRIAren galderak hiriburutik erantzun ditu.

Ben Alik ospa egin du, aldaketak agindu dituen behin-behineko gobernu bat dago jardunean, baina, hala eta guztiz ere, kale protestak ez dira amaitu...

Azken egunotan aldatu egin da kale protesten izaera; izan ere, iraultzak garaitu egin du. Ben Aliren agintea iraulita dago, baina, hargatik, botere honen hondarrak badaude oraindik. Ez da pentsatu behar astebeteko epean dena aldatu egingo dela. Kale protesta horiek, lehenik eta behin, demokrazia berri baten adierazpenak dira, zeinetan bai alderdi politikoek bai gizarte zibilak hitza bereganatzen ikasten duten, kalean baita ere. Hori jarrerak adierazteko modu normal baten gisa ikusi behar da.

Zeintzuk dira, bada, aurreko presidentearen hondar horiek?

Herritarrek kalera ateratzeko funtsezko arrazoiak dituzte. Salatu nahi dutena da behin-behineko gobernuan aurreko gobernukoministroak egotea; edo aginte harekin estuegi ibili izan direnak. Beraz, protestak oso bidezkoak dira, eta txalotzekoak direla ere esango nuke. Argi dago herritarrak ez daudela zernahi onartzeko prest.

Horrek esan nahi du, beraz, jardunean ari den behin-behineko gobernu honekin herritarrak ez direla konformatu?

Herritar asko behintzat ez dira aginte honekin konformatzen. Ez dute onartzen aurreko gobernuko kideak egon daitezen trantsizioan, horien esku-hartzea aurreko exekutiboan neurri handiagokoa edo txikiagokoa izanik ere. Agintari ohi horiek behin-behineko gobernuan egotearen kontrako protestak dira.

Ben Alik debekatutako oposizioko indarrek behin-behineko gobernuan egon behar dutela uste al duzu?

Orain arte jarduteko aukerarik ez zuten alderdi horiek legeztatuta, pentsatzekoa da hurrengo gobernu batean parte hartzerik izango dutela. Legez kanpo zeuden alderdi horiek dira benetan oposiziokoak; ez, ordea, Ben Alik urteetan inposatu dizkigun itxurazko aurkariak.

Ben Aliren agintea muturreko islamismoa hedatzearen kontrako harresi bat zela entzun izan dugu...

Askotan egin zaidan galdera horri erantzungo diot manifestazioetan gertatu denari begira; Kairuan hirian 12.000 lagun baino gehiago bildu dira, eta hiriburuan 8.000tik gora, eta manifestazio kopurutsu horietan bildutakoen artean ez da agertu jainkoa; ez dut protesta egin dutenen artean ikusi! Seguru da politikan sartuta dauden islamistak badaudela, baina ez ditugu asko ikusi kale protestaldi horietan, ez dute protagonismo handirik izan.

Aginte berriak legeztatuko al ditu?

Ez dakit. Tunisiako Konstituzioak debekatu egiten du indar erlijiosoek arlo politikoan jardun dezaten, baina normala litzateke legez aritzeko aukera izatea. Hori gertatu eta gero, beste alderdiek bezala jardungo dute; hala espero dut, behintzat.Tunisiako gizartelaiko eta modernistaren ikuspegitik, bidezkoa da sektore hau legeztatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.