Pakistan

Benazir Bhutto Pakistango lehen ministro ohia hil dute atentatu batean

Mitin batean parte hartu eta alde egiten ari zela eraso diote. Beste hamabost bat lagun ere hil dira. Ekintzaile suizida batek egin du atentatua. Urtarrilaren 8an hauteskundeak dira egitekoak Pakistanen, eta Bhutto zen hautagai nagusietako bat. "Nire familia osoa demokraziagatik sakrifikatu zen", esan du atentatuaren aurreko mitinean.

2007ko abenduaren 27a
18:50
Entzun
Benazir Bhutto Pakistango lehen ministro ohia hil egin dute atentatu batean. Leherketaren ondoren artean bizirik zela eraman dute erietxe batera, oso larri, eta Pakistango Barne Ministerioak baieztatu duenez, han hil da.

Rawalpindin gertatu da erasoa, Islamabad hiriburutik hurbil. Urtarrilean hauteskundeak egingo direla eta, mitin batean ari zen parte hartzen Bhutto. Bere alderdiko iturriek agertu dutenez, jendartetik tiro egin diote Bhuttori eta lepoan zauritu dute balaz. Ondoren, lehergailu bat zartarazita bere buruaz beste egin du atentatugileak. Leherketa horretan beste hamabost bat lagun hil dira.

Bi aldiz Pakistango lehen ministro izana zen Bhutto, eta erbestean hainbat urte egin ondoren -militarrek ustelkeria leporatu ziotelako alde egin zuen-, urrian itzuli zen hauteskundeetan parte hartzeko asmoz. Hasieratik izan da gatazkatasua haren itzulera: iritsi zen egunean ongietorria egiteko bildu zen jendetzari eraso zioten ekintzaile suizidek eta 140 lagun hil zituzten.

Pervez Musharraf egungo presidentearekin hitzarmena eginda itzuli zen Bhutto erbestetik; erregimen militarra bertan behera utziko zuela hitzeman zuen Musharrafek eta Bhuttori lehen ministro izango zela agindu zion berak presidente jarraituko zuen gobernuan. Baina segituan okertu ziren Musharraf eta Bhuttoren arteko harremanak, besteak beste, Musharrafek ez ziolako uko egiten armadaburu izatean jarraitzeari. Harreman horiek hondatuta, oposizioko buruzagi nagusi bihurtu zen Bhutto.

Tira-bira guzti horiekin odoltsua izaten ari da urtea Pakistanen, eta atentatuen ondorioz dagoeneko gutxienez 780 pertsona hil dira. Gehienak -540 lagun- uztailetik hona, Mezkita Gorriaren aurkako erasoaren ostean, hain justu. Urriaren 18an Bhuttoren segizioaren kontrako atentatua egin zuten Karachin, eta gutxienez 139 lagun hil zituzten. Abenduaren hasieran bertan, berriz, haren alderdiko hiru hil zituzten.

Urtarrilaren 8an egingo dituzte Pakistango Legebiltzarreko hauteskundeak, eta Bhutto kanpaina egiten ari zen.

Mitineko adierazpenak

Atentatuaren aurretik emandako mitinean, "demokraziaren" alde mintzatu da Bhutto. "Nire familia osoa demokraziagatik sakrifikatu zen", esan du, eta Musharrafi leporatu dio Pakistanek bizi duen egoera.

Herritarrei babesa eskatu die egoera hori bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.