Benazir Bhutto Pakistango oposizioko burua hil dute eraso suizida batean

Mitin baten ostean hil dute lehen ministro ohia; tiro egin eta bonba bat zartarazi du ekintzaile suizida batek

2007ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Pakistango lehen ministro karguan bi aldiz egondako (1988-1990 eta 1993-1996) eta gaur egun gobernuaren aurkari nagusi Benazir Bhutto eraso suizida batean hil zuten atzo. Atentatua Pakistango hiriburu Islamabadetik hurbil kokatutako Rawalpindi hirian jazo zen. Bhutto datorren urtarrilaren 8ko hauteskunde kanpainako mitin bat eman ondoren autora hurbiltzen ari zela hil zuten.

Bhutto buru zuen oposizioko indar politiko nagusi PPP Pakistango Herriaren Alderdiaren elkarretaratzean parte hartu zutenek eta kazetariek emandako lekukotasunen arabera, ekintzaile suizida batek soinean zeramatzan lehergailuak zartarazi zituen lehen ministro ohiaren aurrean. Aurretik lepoan eta buruan tirokatu zuen. Benazir Bhutto hasiera batean larri zauritu zen, eta Rawalpindiko erietxean artatzeko ahaleginetan ari zirela hil zen. Erasoan gutxienez beste 15 pertsonak bizia galdu zuten eta 54 zauritu. Benazir Bhuttok 54 urte zituen.

Erresuma Batuan eta Arabiar Emirerri Batuan zortzi urtez erbestean egon ondoren, iragan urriaren 18an itzuli zen Pakistanera Bhutto. Jaioterrira itzuli zen egunean bertan hiltzen saiatu ziren. Karachi hirian lehen ministro ohiari harrera egitera joandako milaka jarraitzaileren artean bi ekintzaile suizidak euren buruak zartarazi zituzten. Bhutto onik atera zen, baina leherketen ondorioz 130 lagun hil ziren.

Pervez Musharraf Pakistangopresidentearekin -1999. urtean eskuratu zuen agintea estatu kolpe baten bidez- boterea bien artean partekatzeko tratu bat egin zuen, jaioterrira itzuli aurretik, Bhuttok. Hautsi-mautsi horrek, alabaina, porrot egin zuen. Musharrafek salbuespen egoera ezarri zuen azaroan hainbat astez, eta orduan bozetan bere kabuz eta akordiorako oinarria errespetatu gabe lehiatzea erabaki zuen Bhuttok.

Legebiltzarrerako bozak urtarrilaren 8an dira egitekoak, baina oposizioko beste aurkari nagusiak, Nawaz Sharifek, jada aurreratu du hauteskundeak boikotatu egingo dituela eta bere alderdia ez dela lehiatuko. Musharraf presidentearen dimisioa ere eskatu du Sharifek. Gaur greba eguna egitera deitu ditu herritarrak.



SALAKETA OLDEA ETXEAN ETA MUNDUAN.Benazir Bhuttoren hilketak salaketa oldea eragin du mundu zabalean. Pakistanen, erasoaren berria zabaldu orduko, kale protestak eta istiluak egon ziren hainbat hiritan, hala nola Karachin, Jacovabaden, Lahoren, Multanen eta Peshawarren. Iluntzeko albisteen arabera, gutxienez hamalau pertsonak bizia galdu zuten protesta egileen eta segurtasun indarren artean izandako borroketan. Pakistango Barne Ministerioak alerta gorria ezarri du herrialdean. Musharraf presidenteak agerraldi laburra egin zuen telebistan eta batasunerako deia egin zien herritarrei.

Nazioartean, berriz, hilketaren salaketa aho batekoa izan zen. Nazio Batuen Erakundeak -larrialdiko bilera egin zuen-, Europako Batasunak, Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Errusiak, Iranek, Frantziak, Indiak, Afganistanek, Arabiar Liga eta Konferentzia Islamikoaren Erakundeak, besteak beste, gogor salatu zuten atentatua eta herrialdean prozesu demokratikoak aurrera jarrai dezan itxaropena azaldu zuten.

George Bush AEBetako presidenteak -Pakistanen aliatua- atentatu «koldarra» salatu eta lehen ministro ohiak bere bizia arriskuan jarri zuela jakin bazekiela adierazi zuen Bushek: «Ez zuen nahi odolez egarri diren horiek etorkizunerako bideak erabaki zitzaten». Bhuttok berak atzo emandako mitinean hauxe esan zuen: «Nire familia osoa kausa honen alde sakrifikatu zen». Demokraziaz ari zen eta herritarrei bere aldemenean egoteko eskatu zien.



SosLaIa

Mendebaldean hezitako Ekialdeko alaba

Benazir Bhutto
Pakistango lehen ministro ohia
Ekialdeko alabatzat zuen berak bere burua, nahiz eta Mendebaldeko eskoletan hezi. Indiako Gandhi familiarekin parekatzen dute askok Bhutto sendia. Izen handiko sendia da Benazir Bhuttorena (Karachi, 1953). Aita, Zulfikar Ali Bhutto, demokratikoki aukeratutako Pakistango lehenengo gobernuburua izan zen. Ali Bhuttoren agintaldia, ordea, bat-batean amaitu zen Zia ul Haqek estatu kolpea eman, eta hura exekutatu zuenean. Haren oinordekoak ziren bi anaiak hilda agertu ondoren, Benazir Bhuttori egokitu zitzaion hura ordezkatzea.

Berdingabea esan nahi du Benazir izenak. Horrek, baina, ez dio gehiegi lagundu. Aita hil aurreko hilabeteetan etxeko atxiloaldia ezarri zioten Bhuttori. Bost urte egin zituen bakartuta, 1984an Londresen erbesteratu zen arte. Bi urte egin zituen atzerrian, eta itzuli zenean ongietorri handia egin zioten. Beste bi urte behar izan zituen, ametsa bete, eta lehen ministro kargua eskuratzeko. 1988an, Ul Haq atentatuan hil ostean, gobernuburu aukeratu zuten. Beste behin zuloan erori zen, ordea. 1990ean kargugabetu egin zuten ustelkeria eta botere gehiegikeriaz akusatuta. Gauza bera gertatu zitzaion 1996an ere, bigarren aldiz bozak irabazi zituenean. Orduan bost urteko kartzelaldia ezarri zioten. Ordurako, baina, ihes egina zen, eta hurrengo urteak Dubai eta Londres artean egin zituen.

Besoak zabalik hartu zuten alaba hura bera iruzurrarekin lotzen zuten orain, eta harekiko jarrera okertu egin zen, Pakistango armadaburu eta presidente Pervez Musharrafekin negoziatzen hasi zenean. Washingtonen presioei esker haren aurkako akusazioak erretiratu eta etxera itzultzen utzi zioten Bhuttori, urrian. Trukean ordura arte diktadoretzat zuenarekin agintzeko prest agertu zen lehen ministro ohia. Gero, itxuraz behintzat, elkarrizketak bertan behera geratu ziren arren, haren aldekoen artean mesfidantza zabaldua zuen. Bhutto sendiako buru Mumtaz Alik berak abizena zikintzea egotzi zion bilobari. PPP Pakistango Herriaren Alderdiko burua, aldiz, ez zegoen burua makurtzeko prest. «Bere [Zulfikar Ali Bhuttoren] hilkutxaren aurrean zin egin nion, bere lanarekin jarraituko nuela». Esan eta egin, azkenera arte borrokan jarraitu zuen Bhuttok. Atzo indarrez amaitu zuten haren ibilbidea, eta jada martiri izendatu dute haren alderdikideek. Senarra, semea eta bi alaba utzi ditu atzean.­ ARANTXA ELIZEGI
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.