Hitzaldiaz geroztik musulmanen haserreak gori-gorian dirau, eta milaka lagun kalera atera ziren ostiralean, aita santuaren aurka protestatzeko, islameko sinesleen otoitz egun nagusian.
Gaur aita santuaren eta herrialde musulmanetako enbaxadoreen artean egingo den bilera «elkarrekin hitz egiteari eutsi nahi diogulako seinale argia izango da» azaldu zuenostiralean Paul Poupard, Erlijoen Arteko Elkarrizketarentzako Kontseilu Pontifikaleko buruak. «Iragana onartu eta etorkizuna bermatzea tokatzen zaigu eta horretan dihardugu erlijioen eta kulturen arteko begirunean eta elkarrizketan», gaineratu zuen kardinalak.
Aita santuarekin batzartuko diren berrogeita hamar bat ordezkari diplomatikoekin batera, Italiako Musulmanen Elkarte eta Erakundeen Batasuneko (UCOII) presidente Mohamed Nur Dasham ere egongo da. «Bilera hau antolatzea pozgarria da», esan zuen ostiralean.
Ostiralean milaka musulman atera ziren kalera Benedikto XVI.aren hitzak salatzera
Manifestaldi jendetsuenak Palestinan gertatu ziren, milaka lagun ibili zirelarik Gazako, Zisjordaniako eta Ekialdeko Jerusalemeko karriketan. Pankartetan idatzitako hitz eta airera botatako oihu asko, haatik, nahiko gogorrak ziren. Hala, «Erroma konkistatzea da irtenbidea», edo «Gosea, atxiloketak, okupazioa jasan ditzakegu, ez, ordea, profetari irain egitea», entzun zen Eki Jerusalemen, Gazan, Nabulusen, Ramalan, eta Tulkaremen, besteak beste, izandako manifestaldi jendetsuetan.
Kopuruz horren handiak izan ez baziren ere, kale protestak gertatu ziren, halaber, Afganistanen, Malaysian edo Pakistanen, besteak beste. Pakistanen, bost alderdi islamiko bateratzen dituen Muttahida Maijlis-e-Amal aliantzak antolatutako elkarretaratzeetan aditu ziren aita santuaren aurkako hitz gogorrenak. Hala, «Benedikto XVI.a hona etorriko balitz, kurutzean eskegiko genuke», adierazi zuen Jamiat Ulema-e-Islameko burukide Hussain Ahmedek. Elkarretaratze hauek Pakistango hiriburu Islamabaden zein Karachi, Lahore, Multan, eta Peshawar hiri handienetan gertatu ziren.
Manifestazio jendetsuak egin zituzten Iranen ere. Milaka xiita Teherango kaleetan ibili ziren, aita santuaren eta Ameriketako Estatu Batuen aurkako oihuak aireratzen.
Mundua
Benedikto XVI.a herrialde musulmanetako ordezkariekin bildu da gaur Vatikanoan
Joseph Ratzinger Eliza Katolikoko buruaren adierazpenek haserrea eragin zuten mundu osoko musulmanengan. Izan ere, hil honen 12an Alemanian egindako hitzaldi batean XIV. mendeko enperadore kristau baten hitzak erabili zituen Benedikto XVI.ak islamaren profeta Mahomak «gauza gaiztoak» baino ez zituela ekarri iradokitzeko. Giroa baretzeko ahaleginetan, Vatikanoarekin harreman diplomatikoak dauzkaten herrialde musulmanetako enbaxadoreekin bilduko da gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu