Benedikto XVI.a eliza katolikoko aita santuak gaur goizean Erfurt-eko katedralean (Alemania) meza eman aurretik, gizonezko batek elizatik 400en bat metrora tiro egin du airezko arma batekin, Alemaniako Poliziak baieztatu duenez, baina ez da zauriturik izan. Poliziak gizonezkoa atzeman egin du.
Goizeko bostak aldera izan da gertaera. MDR telebista kateak esan du tiroketa bat izan dela, eta segurtasun taldeko kide bat zauritu dela. Poliziak gezurtatu egin du albistea.
"Dena normaltasunez doa, eta kezkarik gabe", esan du Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak. Benedikto XVI.ak bihar Friburgon emango du meza.
Alemanian azkeneko egunetan aita santuaren bisitaren kontrako protesta asko egin dituzte.