Bengazi hirian «bonbardaketa handiak» egiteko mehatxua egin du Gaddafik

Erresistentziaren esku dauden bi hirietara gerturatzen ari dira erregimenaren tropak; Misrata eta Bengazira

Kristina Berasain Tristan.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Misratan eta Bengasin gotortuta dagoen erresistentzia gero eta setiatuagoa dauka erregimenak. Muammar Gaddafiren tropek bi hiri horien inguruak bonbardatzen jarraitzen dute, eta informazioa kontraesankorra bada ere, borroka frontea aurrera doa bai mendebaldean eta bai ekialdean. Diktadoreak atzo iluntzean egindako adierazpenak, gainera, kezka areagotu dute, ezen goizaldea baino lehen errebeldeek amore eman ezean, «bonbardaketa handiak» egingo dituztela ohartarazi zuen: «Tragediaren azken orduak dira, gauean iritsiko gara eta ez dugu errukirik izango. Hiria askatuko dugu».

Bengaziz ari zen —herrialdeko bigarren hiria—. Agintari militarrek handik alde egiteko ultimatuma egin diete herritarrei eta inguruetan hiru bonbardaketa egin zituzten atzo. Kontseilu Nazionala bertan dago ezarrita eta erresistentziaren hiriburua da gaur egun. Ajdabija kontrolpean hartzea ezinbestekoa du erregimenak hirira gerturatzeko eta ahalegin horretan ari da. Ibrahim Dabbashi Libiak NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkariaren hitzetan —oposizioarekin egin du bat—, mertzenarioz betetako 400 auto bidali ditu zonaldera Gaddafik: «Denen kontra egiteko agindua eman du, herri berebere guztiak suntsitzeko, eta horri garbiketa etnikoa baino ez da».

Misratan borrokak

Misratan egoera ez da samurragoa, honez gero zokoratuta baitago hanoposizioa, azken egunotan mendebaldean zituen hiriak galdu ostean. Diktadoreak iragarri zuen aurki erabakiko zela han borroka eta gaur goizalderako kontrolpean izango zutela hiria «eroen eskuetan» egon ez zedin. Gaddafiren indarrek tankeekin eta artilleriarekin saiatu dira hirian sartzen. Tripolitik 200 kilometro ekialdera dagoen hiri horretan borroka gogorrak izan ziren bezperan; errebeldeek 80 lagun hil zituztela eta beste 18 galdu zituztela jakinarazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.