Berak zuzendutako koalizio gobernu «sendoagoa» eratu nahi du Prodik

Giogio Napolitano presidenteak gaur amaituko ditu gobernukide eta oposiziokoekiko bilerak

ERREDAKZIOA
2007ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Atzo goizean goiz hasi zituen Giorgio Napolitanok alderdikideekin elkarrizketak, Romano Prodi lehen ministroak emandako dimisioari aurre egin ahal izateko, eta gaur arratsaldean amaituko ditu. Alderdi guztietako ordezkariekin bildu beharra dauka presidenteak, gobernuburuak kargua utzi ondoren, eta halaxe egingo du. Dena den, oso litekeena da Prodik berak zuzentzea datorrena ere, baina oraingoa baino «sendoagoa» izango dela esaten ari dira haren inguruko diputatuak. Prodi bis deitzenhasiak dira jadadatorrenari.

Atzo kazetarien eta politikarien artean zabaldu zen egungo gobernuak baino esparru zabalagoa bilduko duela datorrenak, eta gaur egun oposizioan dauden zentroko parlamentarioengana joko dutela, UDCko demokristauengana. Atzoko bozketan abstentzioa eman zuten. «Posible da zentro-eskuindar batzuen babesa jasotzea gobernu berriak», Le Margherita alderdikokoordinatzaile Antonello Sororen arabera. Horien artean, hala ere, hiru parlamentariren izenak ematen ausartu dira, UDCko idazkari ohi Marco Follini -garai batean Berlusconiren ondokoa- eta Autonomietako Mugimenduko bi senatariak. UDCko zuzendaritzak, hala ere, ezeztatu egin du aukera hori. Pierferdinando Casinik ziurtatu zuen bere parlamentarietako bakar batek ere ez duela Prodi babestuko. «Gehiengo horren aurrean beste aukera bat gara gu, eta gure herritarrei ezin diegu bizkarra eman».

Quiirinale jauregitik igaro ziren atzo Senatuko presidente Franco Marini, Diputatuen Ganberako Fausto Bertinotti eta legebiltzarreko taldeetako ordezkariak. Gaur, berriz, gauza bare egingo dute boterean dauden zentro-ezkerreko 16 alderdietako kideek eta oposiziokoek. Kontsulta sorta hiru presidente ohi eta bizi osorako senatariekin itxiko dute: Francesco Cossigarekin, Lugi Scalfarorekin eta Carlo Azeglio Ciampirekin. Baina jada denen ahotan dagoena da Prodiri berari eskatzea gobernu osaketa eta hura izatea gidatzailea.

Hain zuzen, L'Unione osatzen duten alderdi guztien babesa jasoa du jada Prodik, eta datorrenari begira ere haren ondoan izango direla adierazi dute. Gauzak horrela, Rifundazione Comunistako kide Paolo Ferrerok «herritarren gidaritzan Prodik jarrai dezan interes handia» dutela esan zuen, baina haien laguntza nahi badute zentro-ezkerreko programa errespetatuz egin behar dela azpimarratu zuen. «Zentro-eskuinarekin nahasten badira ez da ezer onik lortuko». Justizia ministro demokristau Clemente Mastellak «azkenera arte leial» izango direla esan zuen.

Rifundazione Comunistako Franco Turigliattoeta Italiako Komunisten Alderdiko Fernando Rossi dira herenegungo bozketan Prodiren atzerriko politikari ezezkoa eman ziotenak, eta haiek euren jarrera mantenduko dutela adierazi zuten atzo, nahiz eta alderdietatik botatzeko arriskua duten. Prodiren gobernua errepikatzen bada, ezkerrekoen jarrera hor izango dute, eta hasi aurretiko hitzarmenak beharko dituzte ahultasun bera ez erakusteko.

Prodiren gobernua errepikatzen ez bada, beste aukera bat ere badute mahai gainean. Gobernuari konfiantza botoa ematea eta hauteskundeak antolatzea. Hori izango litzateke oposizioak duen aukerarik egokiena.



MASSIMO D'ALEMAREN ISILTASUNA.Romano Prodiren izena denen ahotan dagoen arren, ez da gauza bera gertatu Massimo D'Alema Atzerri ministro eta Prodiren hurrengoarekin. Haren atzerri politika dela-eta eman behar izan baitzuen dimisioa Prodik, eta momentuz behintzat, ez dute haren izena gobernu berrirako proposatu. Italiak Afganistanen dituen 1.900 soldaduren defentsa sutsua egin zuen D'Alemak herenegun, eta misioa berriz ere finantzatzea erabaki behar zuen mozioaren bozketak egin zuen huts. 158 boto eskuratu zituen Prodiren gobernuak, eta kontra 136 izan zituen, baina abstentzioaren 24 botoek ezezkoari egin zioten mesede, egitasmoak aurrera egiteko bi boto gehiago behar baitzituen.Komunistek egin zioten huts Atzerri ministroaren planari Afganistanen tropak edukitzearen kontra dauden herritar askoren ordezkariek. Politika hori ez zutela babestuko mehatxua aspaldian zuen Prodik bere gobernuaren barruan, eta datorrenean ere hala izango du.

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.