Beranduegi da Brownentzat

Erresuma Batuko hauteskunde kanpaina hasi zutenetik lehenengo aldiz, Brownen aldeko agerraldia egin du Tony Blairrek. Azken debatean nabarmendu ondotik, Cameron ageri da faborito inkestetan

2010eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Tony Blairrek berak aitortu du: hauteskunde kanpainako azken egunak gogoeta politikorako balio behar dute, eta ez hautagai baten edo besteren nortasuna balantzan jartzeko. Gutxi falta izan zaio boto-emaileei Gordon Brownek esan eta egindakoak ahatz ditzaten eskatzeko; aukera falta izan zaio Brownenak beharko luketen titularrak betetzeko. Lehenengo aldia da Blairrek kanpaina egiten duela; beragatik esan dituenak esan eta gero, horrek Browni mesederik egin dion zalantzan jar daitekeen arren. Erresuma Batuko lehen ministro izandakoa, izan ere, berandu eta nabarmen agertu da hauteskunde aurreko lehiara. Hala diote inkestek ere; Brownentzat beranduegi dela, alegia.

Epela izan da Blairrek Browni agertu dion babesa; motz gelditu da haren ahalegina. Inkesten arabera, David Cameron Alderdi Kontserbadoreko hautagaiak irabaziko ditu datorrenosteguneko Parlamenturako hauteskundeak. Bigarren izango da Nick Clegg hautagai liberal-demokrata. Herenegun egin zuten hirugarren eta azken debateak ez du askok segurutzat jotzen duten hori baieztatu besterik egin.

Baikor, laboristen aldekoagoa agertzeak Browni lagunduko diolakoan, ordea, besterik esan du Blairrek. Horrek ez du uste laboristak hirugarren postuan geldidaitezkeenik: «Ez dut sinesten hori gerta daitekeenik. Laboristek irabazteko aukera guztiak dituztela uste dut».

Ironiaz hartu ditu adierazpen horiek Cameronek, baina; eta irribarrea ahotan erantzun dio bera izango litzatekeela, segur aski, laboristen garaipena jasan ahalko lukeen bakanetakoa. Gobernuburu karguetan egondakoak lehen agerraldia egin izanak askorik ez duela aldatuko sinetsita, gainera, Blairren agerraldiak, asko jota, «merkealdian» balioko zuela adierazi du Cameronek.

«Hauteskunde eguna hurbildu ahala, nik uste jendeak gehiago erreparatzen diela etorkizunera begira hautagaiek aurkeztutako irtenbideei; nik uste garrantzi handiagoa hartzen duela herrialdea aurrera ateratzeko energia eta gaitasun gehiago duenak», adierazi du Tony Blairrek, debateetan Brownek emandako itxura eskasari garrantzia kendu nahian.

Telebista aurreko lotsak

Cameroni eta Cleggi ez bezala, Browni handi gelditu zaizkio telebista pantailak. Herenegun egindako debatea 8,4 milioi lagunek ikusi zutela aintzat hartuta, agerikoa da zer-nolako kaltea eragin dien horrek laboristei. Dena dela, inor gutxik ukatuko du dagoeneko: Brownena ez da jendaurreko politika -hautesleria oratoriaren bidez erakarri behar balu, ez luke askorik lortuko-; harenak beti izan dira ekonomia gaiak. Herenegungo debatean, horregatik, lasaiago arituko zela espero zuten askok. Ekonomia gaiak mahaigaineratuz gero, saioari etekina ateratzeko moduan egongo zela aurreikusten zuten adituek. Haatik, ez zen hala izan; diskurtsoan huts ez egiteko akrobata lanetan jarri baitzituen Erresuma Batuko ekonomiak.

Telebistan hautagaiak aurrez aurre jartzen dituzten lehenengo aldia da Erresuma Batuan. Eta lehenengo aldietan gertatu ohi denez, ezustekoak izan dira; kontserbadoreen eta laboristen arteko lehiara ohituta zirenentzat, bereziki: hilaren 15ean egin zuten debatean ordura arte gutxik ezagutzen zuten hautagai liberal-demokrata gailendu baitzen.

Joan den asteko ostegunean egin zuten bigarrenez aurrez aurreko saioa. Eta orduko hartan, Clegg jarri zuten jomugan. Haiei aurrea hartu izana hain nabarmena izan ez zedin ahalegina egin behar zuten; gutxienez, telebista pantailan lotsagarri gelditzea saihestuz. Ahalegin horretan asmatu du Cameronek; ez, ordea, Brownek, herenegungo debatean berriro ikusi zenez.

Hemeroteka

Bizirik irautea garaipena da

«Gordoni begira ginen gu guztiok, galdetuz: Zer egingo du irabazi, galdu ala soilik bizirik ateratzea lortu?Ekonomia zen gaueko gai nagusia, eta horrek bere alde jokatu behar zuen.

[...] Hala, txarrenean ere, nondik hasi behar zuen Gordonek? Gizonak istripu gehiegi izan ditu, baina seguru nintzen haren ahotik ez nuela hau entzungo: 'Atzo, emakume honekin egin nuen topo Rochdalen...'.

Bestela, dena iluna zen; ehorzketa etxekoak gaupasan irtenda ziruditen. Atzean jarri zizkieten magenta eta laranja kolore biziek ez zuten askorik laguntzen: eguna argitzean, tekila baten barruan daikiri bat hartzen eta eztabaidan baleude, bera litzateke ikuskizuna.

Ez ninduen harritu Gordon barkamen eske entzuteak: 'Lanbide honetan asko egoten da egiteko, eta, atzo ikusi ahal izan zenuten moduan, nik ez dut lortzen dena ongi egitea'.

Gaua gutxira bihurtu zen borrokalarien kluba; Dave eta Gordoren arteko aurrez aurrekoa. Nicky txikiak gutxi zuen esateko garrasi haien artean [...].

Tory-ak Gobernura iritsiko balira gertatuko litzatekeena azaltzeko, Gordonek argazki lazgarria irudikatu zuen. Ezagutzen duzu Edvard Munchek margotu zuen Garrasia margolana? Bada, Gordon Brownen arabera, han ageri dena Tory-en gobernuarengandik ihesi doa.

'Inoiz ez nuke osatuko aliantzarik zergak murriztuko dituztela dioten tory-ekin', jakinarazi zuen; bestela ere, sekula gertatuko ez zena aukera gisa baztertuz. Eta Davek erantzun zion: 'Zuk diozuna etsita dagoen pertsona batek esango luke, egoera etsigarri batean dagoen batek'. [...] 'Jendea beldurtu nahian ari da, eta lotsa eragin beharko lioke horrek'.

[...]Hortaz, nork irabazi zuen? Beste behin, ez zen KO-rik izan. Dave lasai egon zen. Nick oso asaldatuta. Eta Gordo? Egia esan, gauak aurrera egin ahala, lasaituz joan zen, eta dogmatismoa alboratu zuen. Ez dago zalantzarik, bizirik sirautea lortu zuen, eta hori garaipena da».

Ann Treneman. 'Times'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.