Enigma», «lausoa»... Nazioarteko egunkari eta astekariek, progresistek zein kontserbadoreek, antzeko adjektiboak erabili dituzte kanpainan Mariano Raxoi Espainiako hurrengo presidentea deskribatzeko. «Galdera zailei trikimailu lauso eta korapilatsuekin erantzuten die, gai labainkorrei ihes egiteko», Le Point Frantziako astekariaren arabera. «Popularren buruaren inguruan dakigun gauza bakarra da aspergarria dela», argitaratu du ItaliakoIl Foglio egunkariak. Financial Times egunkariak, halaber, haren programa «oso zehaztugabea» dela ohartarazi du, «zoratzeraino». Hiru hamarkadaz politikan aritu arren, inor gutxik daki, benetan, nor den Raxoi, zer neurri hartuko dituen haren gobernuak. Fragaren eta Aznarren uberan sortutako politikaria eskuinekoa izan arren haiek baino zentrokoagoa dela uste du askok, baina Raxoiren isiltasun neurtuak ez du baieztapen handietarako tarterik lagatzen. Boterearen higadurak, ordea, azaleratuko du orain arte berariaz ezkutatutako nortasuna.
Bere ideologia «arrazoizkotasuna, zentzu ona eta oreka» direla errepikatu du behin eta berriz kanpainan, anbiguotasunaren uretan ahalik eta boto gehien arrantzatzeko. Eta oso ondo atera zaio. Baina politikan egin duen 30 urteko ibilbidean erakutsi du bere «zentzu ona» oso aldakorra dela, xorro-xorro ibiltzen dela.
Santiagon jaio zen, 1955ean, familia kontserbadore batean. Enrique Raxoi aitona 1932an Galiziako autonomia estatutua idatzi zuenetako bat izan zen, eta Mariano Raxoi aita Pontevedrako Auzitegi Probintzialeko presidentea. Umetan Leongo mojen ikastetxe batean ikasi zuen, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohiak ikasi zuen leku berean hain zuzen. Gero, zuzenbidean lizentziatu zen Santiagoko unibertsitatean, urteko nota onenarekin. Ikasle saiatua zen oso, eta 24 urterekin oposizioak gainditu eta Espainiako jabetzaren erregistratzaile gazteena bilakatu zen.
Frankoren garaian ez zen behin ere diktaduraren kontrako manifestazio edo mugimenduetara hurbildu ere egin. Trantsizio urteetan erabaki zuen politikan sartzea. Adolfo Suarezen UCD baztertu, eta eskuinen zegoen alderdian eman zuen izena, Manuel Fragaren AP Aliantza Popularrean. 1981etik 1987ra bitartean buru-belarri sartu zen Galiziako politikan, eta kargu ugari bete zituen: diputatua Santiagoko legebiltzarrean, Xuntako harreman instituzionaletako idazkari nagusia, zinegotzia Pontevedran, probintzia bereko diputazioko presidentea eta Xuntako presidenteordea. Fragaren besoetakoa zen Raxoi, eta hark 1989an Espainiako zentro-eskuineko joerak PP Alderdi Popularraren barnean sartu zituenean, alderdi berriaren Batzorde Exekutibo Nazionaleko kide izendatu zuen.
Fragaren ondokoa zen orduan, baina, urtebete geroago,Jose Maria Aznarren ondoko izendatu zuen Raxoi, PPko idazkariorde nagusiaren kargua eman baitzion hark. Itzalean beti. Batez ere alderdiko gizona da Raxoi, PPko antolakuntza arduraduna urte askoan. 1996an, Aznar Moncloara iritsi ostean hartu zuen pisu gehiago Raxoiren irudi publikoak. 2004ra bitarte, lau ministerio gidatu zituen: Administrazio Publikoen Ministerioa, Hezkuntza eta Kulturarena, Presidentetzarena eta Barne Ministerioa. Horrez gain, gobernuko presidenteordea eta bozeramailea ere izan zen, kanpainan aurkari izan duen Alfredo Perez Rubalcaba legez. Prestige petroliontziaren hondamendia eta Irakeko inbasioa kudeatzea tokatu zitzaion, eta bere «zentzu ona» zer-nolakoa den erakutsi zuen. «Bi gai deigarri dira, baina jendearen egunerokoan duten eragina ez da horrenbesterako», esan zuen 2003an. Urtebete lehenago, Prestige itsasoan petrolioa isurtzen ari zela «plastilina itxurako haritxoak» baino ez zirela adierazi zuen.
Urteetan liderraren itzalean egon izanak, beste behin, ordaina eman zion Raxoiri 2003an: Aznarrek, zuzenean, alderdiko buru eta presidentegai izendatu zuen. Haren ondare politikoa jaso, eta boterean segitzeko faborito nagusia zen 2004ko bozetan, baina M-11ko atentatuek egoera irauli zuten, eta kolpe latza jaso zuen Raxoik hautestontzietan. Bozak birritan galduta, zortzi urte eman ditu oposizioan. Gogor egin du Zapateroren gobernuaren kontra, baina ez du karisma handirik erakutsi: abortuaren legea, bikote homosexualen ezkontzen legea, Kataluniako estatutu berria eta politika antiterrorista izan ditu jomuga nagusiak. 2008ko bozak galdu ostean, egoera zaila igaro zuen alderdi barruan. Haren lidergoa zalantzan jarri zuten alderdiko hainbat korrontek —Esperanza Aguirre buru zela— eta eskuineko hedabideek. Raxoik, beti bezala, lauso eta zehaztugabe erantzun zien politikoki hiltzat ematen zuten alderdikideen kritikei. Uste zenaren kontra, alderdia gidatzeko hautagaitzat aurkeztu zuen berriro bere burua, eta alderdiko kongresua irabazi zuen 2008ko maiatzean, botoen %84 lortuta.
Alderdiaren gidaritzaren borroka irabazi arren, baina, ez zuen lidergoarena guztiz gainditu. Areago, behin baino sarriago geratu da isilik alderdian pisu handia duten kideek sortutako eskandaluen aurrean, ustelkeria kasuetan bereziki. «Zugan sinesten dut. Zure atzean egongo naiz beti, edo aurrean, edo ondoan, berdin zait», esan zion ustelkeriagatik inputatutako Francisco Camps Valentziako presidente ohiari.
Anbiguotasunaren uretan igeri egiten oso trebea da Raxoi. Horixe izan da, hain justu, bere estrategia kanpainan ere: ahoa ahalik eta gutxien zabaldu, eta ahalik eta lausoena izan. Lana sortuko duela eta hazkunde ekonomikoa abiaraziko duela baieztatu du behin eta berriz, baina ez du esan nola egingo duen horrelakorik.
Mariano Raxoi Nekaezina ezizenez bataiatu dute garaipenaren biharamunean nazioarteko hainbat komunikabidek, La Repubblica eta The Guardian egunkariek, esaterako. Krisi ekonomikoaren kontrako errezeta, dena den, sekretua duela nabarmendu dute denek.
Fragak eta Aznarrek behin baino sarriago gutxietsi dute Raxoi, eta PPren 2000ko emaitza gainditu ostean, esanguratsua izan da Aznarrik ez agertzea Genova kaleko balkoira. Egia da ez dela bere merituz lortutako emaitza izan, krisi ekonomikoak ekarri diola erabateko garaipena; Raxoiren meritua, baina, zortzi urtez eustea izan da, pazientzia handiz jokatzea. Puru erretzaile amorratua izan arren, txirrinduzale porrokatua da, eta kirol horrek erakutsi dio zerbait: posible dela lasterketa aurkariaren akiduragatik irabaztea. Elastikoa erantzi eta benetan nor den erakustea tokatuko zaio orain.•
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Soslaia. Mariano Raxoi
Berariaz ezkutatutako nortasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu