«Sexu bereko bikoteek ezkontzeko aukera izan behar lukete». Estatubatuarrek lehen aldiz entzun dituzte berba horiek AEBetako presidente baten ahotan. Joan den domekan Joe Biden presidenteordeak gay eta lesbianen ezkontza publikoki defendatu zuenetik, herrialde osoa geratu da Obamari begira. Azaroko hauteskundeetarako kanpaina hasi berritan, ez alde ez kontra, isilik geratzea leporatu diote aste honetan hainbat eragilek. Bada, ABC katean egindako elkarrizketa batean hautsi du isiltasuna presidenteak. Eta argi hitz egin du. Gai horren inguruan urteetan izandako hausnarketa eta «eboluzioaren» ostean, «aurrerapausoa emateko garaia» iritsi dela esan du.
Berehala iritsi dira erreakzioak: aldekoak eta kontrakoak. Presidentetzarako Alderdi Errepublikanoaren hautagai faboritoak, Mitt Romneyk, orain arte izan duen jarrerari eutsi dio: «Nire ustez, gizon baten eta emakume baten arteko lotura da ezkontza». New Yorkeko gobernadore Andrew Cuomok eta alkate Michael Bloombgergek, berriz, Obamaren hitzak babestu dituzte. «Inflexio puntu handi bat da AEBetako eskubide zibilen historian, inoiz ez duelako presidente batek eskubide zibilen zabalpen handiago bat babestu», New Yorkeko alkatearen arabera. Alderdi Demokratako kidea zen Bloomberg 2001era arte, Alderdi Errepublikanoa 2001etik 2007ra bitartean—2002an lortu zuen alkatetza—, eta independentea da harrezkero.
Jarrera aldaketa
2008an presidentetzara aurkeztu zenean, gay eta lesbianen arteko izatezko bikoteen alde agertu zen Obama, baina ezkontzaren kontra. 2010ean, baina, gai horren inguruan duen jarrera «aldatzen» ari zela azaldu zuen. Orain ezkontza homosexuala legeztatzearen alde dagoela esan badu ere, ez du hori garatzeko proposamen zehatzik egin, eta, beraz, AEBetan luzea izan daiteke ezkontza homosexuala legeztatzeko bidea.
Presidentetzarako hauteskundeetarako sei hilabete falta direla egin du adierazpena Obamak, kanpaina bete-betean. Une honetan gay eta lesbianen ezkontzaren alde hitz egitea Romneyren kanpainari eginiko «ustekabeko oparia» dela uste du Ralph Reed Alderdi Errepublikanoko estrategak. Halere, badira kontrakoa uste dutenak ere, eta ABCko elkarrizketaz geroztik Alderdi Demokrataren egoitzetan «telefonoa jo eta jo» ari dela baieztatu du Andrew Tobias Demokraten Batzorde Nazionaleko diruzainak.
Oraindik goiz da jakiteko nolako eragina izango duen bozetan presidenteak homosexualen ezkontza publikoki babestu izanak. Baina botoak galtzeko ala irabazteko arriskuak arrisku, orain arteko isiltasuna bezain neurtua izan daiteke Obamak egin berri duen adierazpenaren asmoa ere.
Bai Obamak eta bai Romneyk euren kanpainan dirua jarri dutenak eta hauteskundeetan botoa eman diezaieketenak dituzte buruan uneoro. Errepublikanoen jarraitzaileak kontserbadoreak eta erlijiosoak dira oro har, eta Tea Partyak ordezkatzen duen sektore ultraeskuindar eta ultrakatolikoak ere pisu handia dauka. Horregatik, gay eta lesbianen ezkontzaren kontrako diskurtso sendoari eutsi dio Romneyk—mormoia da hura, eta komunitate mormoiaren babesa du—. Halere, hark ere ezin izan dio ihes egin gaiari. Iragan astean, hautagai errepublikanoaren kanpainako eledun Richard Grenellek dimisioa eman zuen publikoki homosexuala zela esan ostean jasotako presioagatik. Bi aste besterik ez du egin karguan.
Beltzak eta hispanoak
Obamaren kanpaina taldearen ardura orain beltzen komunitatearen eta hispanoen komunitatearen babesa ez galtzea da. 2008ko hauteskundeetan erabakigarria izan zen Obamarentzat beltzen zein hispanoen botoa, baina gay eta lesbianen ezkontzaren alde agertu izanak errepublikanoengana bidal ditzake asko.
Beltzen komunitatea, oro har, ezkontza homosexualaren kontrakoa da —%55 inkesten arabera—, baina analistek ez dute uste AEBetako lehen presidente beltzari babesa ukatuko diotela. Baliteke demokratentzat zailagoa izatea hispanoen botoari eustea. Izan ere, komunitate hispanoa kristaua da oro har, eta askok Obamarekiko itxaropena galdu dute, ez duelako onartu agindutako immigrazioaren legea.
Dena den, LGBT lesbiana, gay, bisexual eta transexualen komunitatearen eta gazteen babesa irabaz dezakete demokratek bozetarako. LGBT komunitateak, oro har, demokratei eman ohi die botoa; gainera, Don't ask, don't tell legea —armadako kideei homosexual izatea adieraztea debekatzen ziena— baliogabetu du presidenteak. Bestalde, AEBetako gazteen %60tik gora daude gay eta lesbianen ezkontzaren alde.
Obamak jarrera aldatu duen bezala, AEBetako gizarteak ere aldatu du. 2004an herritarren %41 zeuden ezkontza homosexualaren alde, eta, gaur, %50era igo da babesa. Herrialdea, beraz, erdibituta dago. Joan den martitzenean, esate baterako, gay eta lesbianen izatezko bikoteak debekatu zituzten Ipar Karolinan. Estatu horretan, hain zuzen, irabazi egin zuen Obamak 2008an, eta berriz ere irabazteko asmoa du. Zail izango du, ordea, hango gizartea kontserbadorea eta erlijiosoa baita. Alderdi Demokratak Ipar Karolinan egin nahi du, gainera, Obama ofizialki hautagai izendatzeko kongresua.
Duela lau urteko bozetan erabakigarriak izan ziren Ipar Karolina, Virginia eta Colorado estatuak, eta azaroaren 6an ere halaxe izango dira. Gehiengo kontserbadorea dute estatu horiek, eta, Obamak gay eta lesbianen ezkontzaren alde egindako adierazpenaren ostean, errepublikanoen aldeko botoa eman dezakete herritar askok. Dena dela, kanpaina hasi baino ez da egin.
Berdintasuna hobetsi du
Gay eta lesbianen ezkontza publikoki defendatu duen AEBetako lehen presidentea bihurtu da Barack ObamaKanpaina hasieran egin du adierazpena, eta ikusteko dago nola eragin dezakeen bozetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu