Ekonomia

Bere burua erruduntzat jo du Madoffek, eta kartzelara bidali dute

Iruzur eta funtsen garbiketaz akusatutako finantzari estatubatuarrari 150 urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete epaileek.

2009ko martxoaren 12a
19:01
Entzun
Bernard Madoff finantzari estatubatuarrak erruduna dela onartu du garu, iruzur eta funtsen garbiketagatik egozten zizkioten 11 delituren erantzukizuna bere gain hartuta. Madoffek onartu du bera izan zela iruzurra antolatu zuena. Hori entzun eta gero, New Yorkeko auzitegiko Denny Chen epaileak kartzelan sar dezatela agindu du.

Orain, Madoffi 150 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. 70 urteko finantzariak hiru hilabete zeramatzan baldintzapean libre, 10 milioi dolarreko bermea ordaindu eta gero. Baina New Yorkeko bere luxuzko etxebizitzan arrestatua zuten, eta soilik auzitegira joateko atera zitekeen.

Iragan abenduan izan zen Madoffen iruzurraren berri. Itzal handiko pertsona zen Wall Streeten: ia 50 urte zeramatzan finantza munduan, eta enpresa elektronikoen merkatuko (Nasdaq) presidentea ere izan zen 1990eko hamarkadan. 1960an sortu zuen Bernard Madoff Investment Securities, sorosle lanetan aurreztutako diruarekin. Azken urteetan, ordea, erreferentziako inbertsiogile bihurtu zen aberatsenentzat eta mundu osoko enpresa eta finantza erakundeentzat. Batez beste %8ko errentagarritasuna lortzen zuen bezeroentzat, baita burtsak behera egiten zuten garaietan ere. Arriskurik gabeko inbertsioa, berez arrisku handia duten funts espekulatzaileen merkatuan.

Halere, abenduan jakin zen errentagarritasun hori piramide egiturako iruzur batean oinarrituta zegoela: hau da, bezero berriek inbertitutako dirua bihurtzen zen inbertsore zaharragoen irabazi. Horrela eman ditu urteak, dirua banatzen, dirua faltatu den arte. Zuloa, galera, 37.000 milioi euro ingurukoa da, oraingoz, Madoffen beraren esanetan.

Kaltetuen artean daude zenbait inbertsio enpresa eta mundu osoko bankuak. Beren bezeroek milaka eta ehunka milioi euro galduko dituzte. Madoffek berak Kaliforniako (AEB) golf klub esklusiboenetan lortu zituen hainbat bezero, tartean AEBetako familia aberatsenetako batzuk. Gainera, mundu osoko ia hiru milioi laguni kalte egin die iruzurrak.

Euskal Herrian ere kalterik eragin du Madoffen iruzurrak. Esaterako, BBVA bankuak onartu du 330 milioi euroko galera izan duela, eta, era berean, 3,7 milioi euro izan dira Zabalgarbik, Bizkaiko erraustegiak, galdu duen dirutza, haren diru funtsetan inbertitzearen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.