Senatuan, 81 senatariren aurrean deklaratu du Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohiak (kargua utzarazi zioten). Behin betiko kargugabetzeko prozesuan azken hitza hartu du, eta epaile bihurtu diren senatarien aurrean esan du errugabea dela eta ez dela isilik geratuko "zuzenbide estatuaren kontra egin nahi dutenen" aurrean. "Bidegabeki eta nahieran auzipetu naute", adierazi du, eta bere kontrako prozesua "zilegi den gobernu bat botatzeko aitzakiak" direla gaineratu du, "Konstituzioan babesa hartuz kolpe bat emateko ahalegina".
Bere konpromiso politikoa diktaduraren garaikoa dela azaldu du, torturatu eta espetxeratu egin zutela, eta beldurra izan ziela torturen ondorioei. Baina ez zuela etsi, eutsi egin ziola. "Orain, ia 70 urterekin, ama eta amona izan ostean, sekula ez nieke uko egingo nire printzipioei: konpromiso bat dut nire herrialdearekin, demokraziarekin eta zuzenbide estatuarekin. Ez dut amore eman zintzotasunaren eta kudeaketa publikoaren defentsan".
Brasilgo Senatuak ostegunean hasi zuen Dilma Rousseffen aurkako epaiketa politikoa. Maiatzaren 12tik presidente kargutik kanpo dago ustelkeria salaketengatik. Epaiketa asteazkenean amaitzea espero dute, bozketa batekin. 81 senataritik 54k Rousseffen aurka bozkatuz gero, kargua galduko luke, eta ordura arte presidenteorde izandako Michel Temerri utziko lioke lekua —2019. urtera arte—. Auzitegi Goreneko presidente Ricardo Lewandoskik hala adierazi zuen saioaren hasieran: "Senatariak benetako epaile bilakatuko dira orain, eta, hortaz, alboratu egin beharko dituzte beren lehentasun politiko eta pertsonalak, ahalik eta objektiboen jokatzeko".
Haren aurkako "prozesua gidatzen duen matxismoa" ere salatu du Rouseffek, eta eskerrak eman dizkie "Brasilgo lehen emakume presidentea" izanda babestu duten herritarrei. Hura ordezkatzen duen Temerren gobernua kritikatu du, "emakumerik eta beltzik" ez dagoelako.
Saioa Kontu Auzitegiko fiskalen testigantzek abiatu zuten. Erakunde hori izan zen Rousseffen aurrekontuen kudeaketan ustezko irregulartasunak aurkitu zituena, eta horren harira hasi zen presidentea kargugabetzeko prozesua. Salaketaren arabera, Rousseffen gobernuak oinarri fiskalik gabeko gastuak egin zituen, eta banku publikoa baliatu zuen horiek finantzatzeko —legeak debekatzen du—.
Rousseffen aldeko sei lekukok ere hitz egin zuten lehen saioan. Defentsak presidentearen aurkako kargu guztiak ukatu zituen, eta "kolpe parlamentario" izendatu zuen haren ustez epaiketa politiko bat baino ez dena.