Soslaia. Baltasar Garzon

Bere sistemak harrapatuta

M. R
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Baltasar Garzonek (Jaen, 1955) goitizen edo izendapen ezagun bat izan badu, hori Epaile izarra izan da. Espainiako Justiziaren irudi mediatikoena izan da 1990eko hamarkadaz geroztik, bai instruitu dituen auziengatik, baita botere politikoarekin eta hedabideetan bilatu duen oihartzunarengatik ere. 2009tik honat, ordea, Garzonen presentzia mediatikoak hagitz bertzelako izaera hartu du, epaile dena epaitu bihurtu baita. Frankismoaren inguruan eta ustelkeriari buruzko Gurtel auzian hasitako ikerketek eraman dute egoera horretara. Berak leialki zerbitzatutako sistemaren barrenean arakatzen hasi denean, sistemak berak harrapatu du.

1988an ailegatu zen Garzon Auzitegi Nazionalera. Droga trafikoaren aurka egindako zenbait operaziok eman zioten lehen ospea, 1990eko hamarkada hasieran. Felipe Gonzalezen agintaldia zen. PSOE Espainiako alderdi sozialistarekin harreman ona izaten saiatu zen urte horietan, eta 1993an, parlamenturako hauteskundeetarako zerrendetan aurkeztuta, diputatu hautatu zuten. Garzonen guraria Justizia ministro izatea zela erran izan da beti, baina Estatuko idazkari izendatu zuten, Drogen Aurkako Plan Nazionala zuzentzeko. Urtebetera utzi zuen kargua, eta PSOEtik erabat aldendu zen. Hainbertze, non Auzitegi Nazionalera itzuli eta GALi buruzko auziak instruitzen hasi baitzen. Horietako batengatik, Marey auziagatik, Euskal Herriko independentismoaren aurka egindako gerra zikinaren aroan gobernuko goi kargudun izandako bi espetxeratu zituzten: Rafael Vera Segurtasuneko Estatu idazkari izandakoa eta Jose Barrionuevo Barne ministro ohia.

'Dena da ETA' teoria

PSOEren ingurua astindu zuten auzi haiek Garzoni ospea eman bazioten ere, PPren zortzi urteko agintaldian (1996-2004) berretsi zuen epaile izarra izendapena, bere jardunean jomuga zehatz bat hartuta: ezker abertzalea. Garzonek eraman zuen aitzinera Dena da ETA tesia, Jose Maria Aznarren gobernuarekiko erabateko elkarlanean. Horren arabera, ETA erakunde militarra baino zerbait gehiago zen, eta ezker abertzaleko legezko egitura zibilak haren menera zeuden. Arrazoibide horrekin, Europako mendebaldean azken diktadurak eroriz geroztik ia aurrekaririk ez zuten erabakiak hartu zituen: alderdi politikoak eta gizarte erakundeak legez kanpo utzi eta komunikabideak itxi zituen (Egin egunkaria eta irratia). 1997 eta 2009 bitartean makina bat izan dira Garzonek irekitako instrukzioak —18/98, Haika-Segi, Batasuna, Udalbiltza...—, eta horietan ehunka lagun atxilotzeko agindua eman du.

Epailearen jardunak Euskal Herrian utzi duen lorratz sakonenetako bat, baina, torturarena izan da. Garzonen aitzinean ehunka lagunek salatu dute inkomunikazio aldian torturatu egin dituztela. Salaketa horiek ez dute erantzunik jaso, ordea. 2006an protokolo bat diseinatu zuen, inkomunikazio aldian Poliziaren gaineko kontrol neurri batzuk ezartzeko. Hala ere, protokolo hori ezarri dieten atxilotu anitzek ere torturak salatu dituzte azken urteotan.

Espainiako ezkerraren sektore anitzetan eta Latinoamerikan, ordea, Euskal Herritik hagitz bertzelako irudia hartu du Garzonek. Latinoamerikan, hain zuzen, Txileko eta Argentinako diktaduren torturak eta hilketak ikertzen hasi zelako —1998an Augusto Pinochet diktadorea atxilotzeko agindu zuen—. .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.