Isidoro Vicario Aguilar. Ayotzinapako desagertuen gurasoen abokatua

«Beren seme-alaben bila segituko dute gurasoek»

Lau hilabete bete ziren herenegun Ayotzinapako (Guerrero, Mexiko) 43 ikasle desagerrarazi zituztela. Ikasle haien gurasoak ordezkatzen ditu Vicario Aguilarrek, CDHMT Tlachinollan Mendiko Giza Eskubideen Zentroko abokatuak. Polizia ikerketaren gabeziak salatu ditu.

VALENTINA VALLE.
Mexiko Hiria
2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Astelehenean, Raul Isidro Burgos nekazari eskolako 43 desagertuen gurasoak buru, martxa bat heldu zen Mexiko Hiriko Zocalora. Haiekin zen Isidoro Vicario Aguilar abokatua. Martxa bukatu berritan eskainitakoa da elkarrizketa. Artean ez zekien Mexikoko fiskal nagusiak ordu batzuk geroago «erabat» frogatutzat emango zuela ikasle desagerraraziak bahitu, hil, erre eta San Juan ibaira bota zituztela.

2014ko irailaren 26tik 27ra bitarteko gau hartatik lau hilabete pasatu dira, eta, ustezko arduradunak atxilotuta dauzkaten arren, Igualako gertakariak ez dituzte argitu oraindik. Ayotzinapako ikasleek desagertuta segitzen dute. Zertan da oraintxe bertan ikerketa?

Orain artean, ikerketak ez du fruiturik eman, eta, gaur-gaurkoz, geldituta dago. Guerreroko Estatu Auzitegian hasi zen ikasleen desagerketaren ikerketa. Segidan, auziak eragindako mugimenduak eta presio politikoak hartaratuta, Errepublikako Auzitegi Nagusiak ere [PGR] ikerketa hasi zuen. 97 atxiloketa eragin ditu horrek, baina haien testigantzek ez dute lagundu desagertuen arrastoa aurkitzen.

Atxilotu horien artean daude, ustez, ikasleen bahitzaileak.

Lauk hala deklaratu zuten PGRkoen aurrean, Igualako eta Coculako udaltzainen kontua izan zela, ikasleak atxilotu eta Guerreros Unidos gaizkile taldekoen esku utzi zituztela. Coculako zabortegian hil eta erre zituztelako hipotesiari lotzen zaio GPR, eta horregatik ez dute segitu ikertzen. Erasotik bizirik atera ziren ikasleen arabera, militarrak ere tartean ziren, eta desagertuen senideek eta guk —haien babes juridikoaz arduratzen garen heinean— beste ikerketa lerro batzuk irekitzeko eskatzen dugu. Lerro horietako batek militarrengana darama. Horrekin ez dugu esan nahi militarren kontua izan zenik, baina hori ere ikertu egin behar litzatekeela bai.

Montemayor Aldrete eta Ugalde Velez adituen ikerketa independente baten arabera, ezinezkoa da gorpuak Coculako zabortegian erre izana. Gallardo Rodriguez jeneral disidentearen arabera, berriz, litekeena da gorpuak armadaren labeetan erre izana. Senideek zein iritzi dute hipotesi horren inguruan?

Jeneralaren deklarazioak, perituen lanak bezalaxe, jokalekuasko proposatzen dizkigute, baina ez dute ebidentzien oinarririk. Gurasoek eta guk, defentsa gisa, guztia entzun dezakegu, baina frogarik ezean ezin dugu ezer sinetsi. Jeneralaren adierazpenak ondo daude, baina nola froga daitezke? Gurasoak irmo daude: hipotesi bat onartzeko frogak behar dira, datu objektiboak. Kontrakoa frogatzen ez den bitartean, gurasoentzat bizirik daude.

Nork segitzen du, orduan, bizirik leudekeen ikasleen bila?

Guk, senideek, eskolako kideek eta gurasoen eskaerari erantzun dion gizarte zibilak. Lehendabiziko «megabilaketa» show hutsa izan zen. Urriaren 1ean egin zuten, Defentsako Idazkaritza Nagusiko [Sedena], Itsas armadako, Estatu Poliziako eta Polizia Federaleko kideekin. Ikasleengatik kezkatzen zela esan nahi zuen gobernuak hedabideen aurrean. Desilusio handia izan zen gurasoentzat, itxurakeria hutsa zela oso agerian geratu zelako. Gu han izan ginen. Bisitatu zituzten gune batzuk kamionetatik jaitsi gabe miatu zituzten. Toki batera ailegatu eta «kito hemen, goazen beste norabait» esaten zuten. Gauza bera egin zuten joandako toki guztietan. Jakina, ez zuten ezer aurkitu.

Han hasi al zen gurasoen agintarienganako konfiantzarik eza?

Bai, eta, horren ondorioz, hiru erabaki garrantzitsu hartu ziren Herri Asanblea Nazionalean [Mexikoko 53 gizarte eta ikasle erakunde batzen dituen erabakigunea]: bilaketa herritarra, gizarte zibila ikasleak egon daitezkeen muinoetan bilatzera eraman duena; 26ko mugimendua, gaurko martxaz erditu dena; eta otsailaren 5eko deialdia, batzar nazional demokratikoa egin eta zintzilik dauden hari mutur guztiei heltzeko.

Giza eskubideen aldeko beste erakunderen batek egin al du presioa gertatutakoa argitu eta egia aurkitzeko lanari eusteko?

Ez. Gaur-gaurkoz, ez Giza Eskubideen Estatu Batzordeak, ez Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak [CNDH] ez du gomendiorik egin gai honetan. Gobernazio idazkari Osorio Chongek gonbidapen publikoa egin zion CNDHko presidenteari, gurasoei lagun ziezaien auzian zuzenean nahastuta dauden Igualako 27. batailoiko kideen kuartelera. Gurasoei ere eskatu die bertaratzeko, baina hori ez da kontua. Gurasoen asmoa ez da 27. batailoira bisita bat egitea, bisita asko egitea baizik, eta beraiek aukeratzea noiz eta non begiratu. Mexiko Hiriko Bat Zenbakia kuartelera joan nahi dutela ere esana dute. Zenbait kuarteletan errauste labeak dauden albistea berretsi —edo ezeztatu— nahi dute.

Armadak Guerreron historikoki jokatu izan duen rola ere ez da ahaztekoa. Estatuaren Egiaren Batzordeak ebatzita dauka armada izan zela gerra zikinaren urteetako krimenen arduradun nagusia. 30 urtetik gora pasatu dira ordutik. Militarrek guerreroarren «etsai» izaten segitzen ote dute?

Gurasoek ez dute alferrik begiratzen militarren aldera. Duela lau hilabeteko gau hartatik bizirik atera zirenek diote militarrak han zeudela, eta Guerreroko militarren gaia hor dago. 1960ko hamarkadatik, giza eskubideen urraketa eta gehiegikeria asko egin dituzte estatuan, eta oso militarizatuta dago herrialdea. Rosendo Padilla Pachecorena bezalako auziak [Atoyac udalerriko buruzagi soziala zen, eta bertako kuartel militarrean desagerrarazi zuten 1974an; oraindik argitu gabe dago non dagoen], esaterako, Amerikako Estatuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzorderaino heldu dira, eta militarrak zigortzen dituen epai bat badago. Gu kezkatzen gaituena da Sedenako kideen aurkako epai bakarra ere ez dela egon azken urtean.

Eta hemendik aurrera zer?

Guk, Tlachinollan Zentro gisa, gurasoen defentsan segituko dugu haiek hala eskatu bitartean. Lanean segituko dugu, era berean, irailaren 26an bizia galdu zuten hiru gazteen familiek kalte-ordain integrala jaso arte. Gazte horien heriotzarekin zerikusia izan zuten militarrak epaitu eta zigortu arte ez dugu etsiko. Ez dugu herria bakarrik utziko, halakorik ezin delako berriz ere gertatu, inoiz ez. Gurasoek, berriz, beren seme-alaben bila segituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.