Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa berriz ere epailearen aurrean da gaur. 2003az geroztik ez zen izan, baina Mediatrade auzian sartuta dago, eta epaiketa hasi aurreko saiora joan behar izan du Milango Auzitegira. Ateak itxita ari dira egiten saioa.
Iruzur fiskala leporatzen diote. Haren sendiaren Mediaset taldeak Frank Agrama bitartekariaren bidez bi filmen eskubideak erosi zituen, ondoren ustez prezioak igo egin zituen eta horrela iruzur fiskala egin zuen.
"Akusazioak erridikuluak eta oinarririk gabeak dira", esan du Berlusconik gaur, bere jabetzako Canale 5 telebista katean.
Apirilean beste auzi bategatik epaituko dute lehen ministroa, Milanen bertan: Ruby auziagatik. Boterea gehiegikeriaz erabili eta adingabeak prostituziora bultzatzea leporatu diote.