Berlusconi ez dute zigortuko 'Mills auziagatik', preskribatu egin duela eta

Italiako lehen ministro ohiarentzat bost urteko espetxea eskatu zuen Fiskaltzak, Mills abokatua erosteagatik

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Epaitzeko denbora gehiegi luzatu delako libratu da Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohia, ez errugabea delako, baina onik atera da azken finean. Fiskaltzak Mills auziagatik bost urteko kartzela zigorra eskatzen bazuen ere Milango auzitegiak ez zigortzea erabaki du, delituak preskribatu egin duelako. 90 egun dauzkate orain epaileek erabakiaren arrazoiak aurkezteko.

Mills auzia modu guztietara saihesten saiatu da Berlusconi kasutik urruntzen; epaitegira azaldu ere ez da egin, eta atzo erabakia entzutera ere ez, prozesu judizialak erosteagatik egin behar izan baitio aurre Mills auziari. Fiskaltzak esaten duenez, 1999an Berlusconik 600.000 dolar ordaindu zizkion David Mills abokatuari 1997an eta 1998an magnateak izan zituen bi auzibidetan «lekukotasun faltsua» emateagatik. Funtzionarioak erosi zituelakoan eta bere alderdia jatorri iluna zuen diruak finantzatu zuelakoan—mafiak— egin behar izan zien aurre bi prozesu horiei. Berlusconik atzerrian zituen ondasunak zaintzen zituen Millsek. Paradoxikoki onik atera zen haietatik Berlusconi, eta Mills erruduntzat jo zuten zortzi urteko prozesuaren ostean, nahiz eta gero delituak preskribatu zuela esan.

Epaiketa 2007an hasi zen inputatu gisara Mills bera ere tartean zela, baina bi prozesutan banatu behar izan zuten 2008an, Berlusconiri immunitatea ematen zion legea Legebiltzarrak babestea lortu zuelako —partzialki konstituzioaren kontrakotzat jo zuten iaz—, eta horren ondorioz kasua etetea lortu zuelako.Millsi lau urteko eta sei hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten 2009an, baina Gorenak atzera bota zuen 2010ean delituak preskribatu zuela esanez.Eroskeriaren objektu izan zela ondorioztatu zuten, hala ere, erabakian; eta orain, adituen ustez, litekeena da Berlusconi eroskeriaren egiletzat jotzea.

«Errugabea eta jazarria»

Baina Berlusconi ez dago gustura atzoko epaiarekin, eta «errugabea eta jazarria» sentitzen dela berretsi du: «Nire kontra asmatu dituzten hamaika epaiketetatik bat besterik ez da hau», eta ondoren jazarpen hori nola gauzatu den esan du: 100 prozesuri baino gehiagori egin behar izan dio aurre, 900 magistratu «tematu» dira harekin; Poliziaren 588 bisita izan ditu, hamalau urtean2.600 auzialdi, eta 400 milioi euro xahutu ditu abokatuei ordaintzen. «Ez dut munduko errekorra, eguzki sistema osoarena baizik», damu da: «Hori dena ikusita nola eutsi liteke Millsi dirua eman izana ni salbatzeko?».

Erabakiak hainbat erreakzio eragin ditu. Akusatuaren abokatuentzat «arrakastatsua» izan da erabakia, baina errugabea dela esan arte borrokan jarraituko dute. Berlusconiren jarraitzaileen ustez, «errugabe bat kondenatzea saihestu dute», Fabrizio Cicchitto Askatasunaren Herria alderdiko diputatuaren ahotan. Il Giornale Berlusconiren anaia Paoloren egunkarian hauxe esan dute: «Epaileen ofentsibak porrot egin du».

Beste aldean, Berlusconi behingoagatik epai dezaten eskatzen dutenen artean, etsipena nagusitu da; besteak beste, Antonio Di Pietro ustelkeriaren kontrako magistratu ohiaren hitzetan ikus daitekeenez: «Beste behin onik atera da Berlusconi». Hala ere, ez dutela errugabetzat jo nabarmendu du: «Epaimahaiak ezin izan du absolbitu ,delitua ez egiteagatik, delitua badagoelako». Fiskaltzarentzat, berriz, «komentariorik ere ez du merezi» gertatutakoak.

Opariak

Millsen eskutitz bat Milango magistratuek atzeman ondoren hasi zen auzibidea. Abokatuak galdegiten zion nola zuritu diru kopuru izugarria, «Berlusconi jaunaren oparia hainbat arazotatik ateratzeagatik». Horregatik, Milango auzitegiak 2002an prozesua zabaldu zuen, eta bi urte geroago Millsek onartu zuen 600.000 dolar jaso izana. Berlusconik ukatu egiten du: «Hori onartu zuen galdeketa luzearen ondorioz ezin gehiago zegoenean, eta beldur zelako espetxean sartuko zutela. Gerora egia guztia esatea erabaki zuen, eta bost aldiz esan Fiskaltzak daukan tesia faltsua dela».

Mills auziaz gain, beste hiru dauzka zabalik, gaur-gaurkoz: Mediaset prozesuan, zerga iruzurra egitea leporatzen diote. Mediatrade kasuan, berriz, bidegabeko jabetzea eta zerga iruzurra, eta, azkenik, Ruby auzia: adingabeak prostituziora bultzatzea eta boterea gehiegikeriaz erabiltzea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.