Berlusconi gotortzen duen legea murriztu du Italiako Auzitegi Konstituzionalak

Lehen ministroari epaiketak saihesteko erabateko boterea kendu dio, eta erabakia epaileen esku utzi du

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Italiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoi eman die Milango epaileei; 51/2010 Legea «partzialki Konstituzioaren kontrakoa» dela erabaki du; Silvio Berlusconi lehen ministroari immunitate osoa ematen dion araua, alegia,haren kontra dauden epaiketak urtebetez atzeratzea ahalbidetu diona. Konstituzionalak legearen atal batzuk bertan behera utzi ditu, eta beste batzuk epaileen interpretazioaren esku jarri ditu.Hamabi epailek egin dute epaiaren alde, eta hiruk kontra.

Hartu dituen erabakietan garrantzitsuena Berlusconiren gobernuari legeak eman dizkion botereen inguruan izan da. Orain arte lehen ministroaren taldeak prestatu eta erabaki ditu agintariaren ezintasunaren argudioak epaiketetara ez joateko, lege horren babesean, eta ez joateko erabakia sei hilean behin berritzeko boterea izan du gainera.

Orain, ordea, sei hilabeteko epean gehienez, epaileak erabakiko du gaitasuna ote duen edo ez epaiketetara aurkezteko. Legearen arabera, prozesuak atzera daitezke baldin eta oztopo badira lehen ministroak gobernuburu eginbeharrak behar bezala egiteko.Epaileak, gainera, frogen bidez erakutsi beharko du zein den ezintasuna epaiketara joateko, eta prozesua egin daitekeela erabakitzen badu, «jurisdikzioa, defentsarako eskubidea eta gobernuaren funtzioa kontuan hartuta» aurrera egingo du.

Praktikan, eragin gutxi

Edozein modutan, erabakiak ez dirudi horren txarra Silvio Berlusconirentzat, nahiz eta legea partzialki Konstituzioaren kontra dela erabaki. Ia ezinezkoa ematen du Mediatrade, Mills eta Mediasetinputaturik dagoen hiru auziek aurrera egitea, baina legearen beraren hutsuneagatik baino gehiago denbora kontua da, prozesua abiatzerako kasuak balio gabe geratzen direlako, prozesuetarako epea bete delako. Hiru kausak ikertzen aritu ziren epaileek lanpostua aldatu dute, eta prozesuak hutsetik hasi beharko lirateke.

Horretaz gain, litekeena daKonstituzionalak legeari buruzko balizko erreferenduma alde batera uztea. Balioen Italia oposizioko alderdiak bultzatu du ekimena, eta datozen hilabeteetan egin beharko litzateke, onartuz gero.

Auzitegiak legea Konstituzionala dela iritzi izan balio, herritarren esku utziko zen legeari buruzko iritzia erreferendumean emateko aukera. Eta beste aukera bat ere bazuen auzitegiak: epaileek urtebete izatea erakusteko BerlusconikDavid Mills abokatua erosi zuela 600.000 dolarren truke, 1997an eta 1998an izan zituen epaiketetan haren alde deklaratzeko. Fininvesten sortzaile eta administratzaile izan zen Mills, eta lau urte eta erdiko espetxe zigorrera kondenatu zuten. Gorenak bertan behera utzi zuen, ordea, zigorra, delitua epaitzeko denbora amaitu zelako kasu horretan ere.

Gorenaren ustez, Millsek delitua egin zuen, epaileei gezurra esan zien, eta, horregatik, dirua jaso zuen, baina hori ez zen gertatu 2000. urtean, aurreko erabakiek ezartzen zuten bezala, 1999an baizik, eta hamar urte pasatu ziren delitua eginez gero. Gorenak Mills zigortu zuen ministroen kontseiluari 250.000 euroordaintzera, «Italiako Justiziaren izena zikintzeagatik». Ironikoki kontseilua Berlusconiren menpe dago.

Urte berriarekin telebista batean telefonoz emandako elkarrizketa batean oposizioaren kontra egin zuen, urte politikoari esaldi batekin hasiera emanez: «Komunistak existitzen dira, eta gertuko epaileak baliatzen dituzte, ni suntsitzeko asmoz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.