Italia

Berlusconi kanporatzeko aholkua eman du Senatuko Immunitate batzordeak

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohia politikaren lehen lerrotik kanpo geratzeko zorian da, Senatuko Hauteskunde eta Immunitate Batzordeak hura kanporatzeko proposatu ostean.

Berria.info
2013ko urriaren 4a
17:32
Entzun

Immunitatea galtzeko zorian da Silvio Berlusconi. Mediaset auzian iruzur fiskalagatik zigor finkoa jaso zuenetik bereak eta bi egin ditu justiziaren erabakiari iskin egiteko, baina atzo Italiako Senatuko Hauteskunde eta Immunitate Batzordeak gobernuburu ohia kanporatzeko aholkatu zuen, hain zuzen ere Auzitegi Gorenak ezarritako zigorragatik. Hurrena Senatuko osoko bilkurak erabaki beharko du Berlusconi kanporatu edo ez, baina segurutzat jotzen da eserlekua utzi beharko duela.

Mediaset auzian lau urteko espetxe zigorra eta bost urterako inhabilitazioa ezarri zion Berlusconiti Italiako Auzitegi Gorenak, eta espetxealdia urtebeteko etxeko atxiloaldiarekin edo gizarte lanak eginda kitatu ahal izango duen arren, inhabilitazioak kargu publiko bat betetzea galaraziko dio hurrengo bost urteetan.

Berlusconi atzo bildu zen PDL Askatasunaren Herria alderdiko kideekin, eta gaur goizean Senatuko batzordera ez zela joango jakinarazi zien. Epaia "injustua" dela iritzita, "zentro-eskuineko liderra deuseztatzeko proiektua" salatu zuen Italiako lehen ministro ohiak.

Justizia saihesteko asmoz,Mario Montiren gobernua erorarazi zuen aurrena Berlusconik, eta aste honetan Enrico Lettaren exekutiboa botatzen ere saiatu da. Baina PDL barnean, hogei urtean lehen aldiz, aurre egin diote Berlusconiri. Angelino Alfano oinordekoak bultzatu zuen nagusiaren apeten kontrako altxamendua, eta Berlusconik zirkuko itzilipurdi batekin eman nahi izan zion buleta galduta zeukan jokaldiari. Azkenean Lettaren gobernua babestea erabaki zuen, baina ordurako bere alderdia zartatuta zegoen.

Berak sortu eta finantzatutako alderdian, hauteskundeetan Berlusconik izan duen arrakastari esker sendotu den alderdian, agintea galdua duela ikusi da. Eta, hogei urte atzera eginez, berriro Forza Italia birsortzeko asmoa agertu zuen. Baina kargurik ezingo du bete hurrengo bost urteetan. Agurraren ordua iritsi zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.