Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak arazo larriak dauzka aurre egin beharreko auzibideen ondorioz, eta boterea gehiegi erabiltzeaz nahikoa dela deritzoten ahotsak gero eta gehiago diren arren, oposizioak eskatutako dimisioa «legealdia amaitzerakoan» emango duela nabarmendu du. Hainbat prozesutatik onik atera den arren, adituen ustez, oraingoak ez dira aurrekoak bezalakoak, besteak beste, froga argiagoak daudelako. Baina lehen ministroak ez du gauza bera pentsatzen: «Ez nago batere kezkatuta». Bere kontra berehalako epaiketa abiatuko duela aditzera eman ondorengo hitzak izan dira horiek.
Lega Nord alderdikoek «babes osoa» eman diotela jakinarazi du, eta beraz, Legebiltzarrean «laster» 325 eserleku izango dituztela esan du: «inoiz baino batuago gaude».
Prozesuen aurrean, isilik
Adingabeak prostituziora bultzatzea eta boterea gehiegikeriaz erabiltzea dira apirilaren 6ko epaiketari begira dituen akusazioak, baina «aberriarekiko maitasunagatik» ez du horretaz hitz egiteko asmorik. Berak hitz egin ez arren, egunero ateratzen diren berriek bera ez beste guztiak mintzatzen jartzen ditu. Atzoko filtrazio batean jakinarazi dutenez, Karima El Mahrug Rubyri hainbat galdeketa egin dizkio fiskalak, eta haren arabera, orain 18 urte dauzkanak hamabost bat aldiz egin zion bisita eta dirua jaso harreman sexualen truke. Adingabea zen hori gertatu zenean.
Lehenengo aldiz 50.000 euro eman zizkiola jakinarazi dute, eta haren izenean Berlusconik etxe bat jartzeko asmoa agertu zionean, adingabea zela jakinarazi ziola. Baina hori jakinda ere jarraitu zuen hura ikusten.
Rubyren lekukotzak batzuetan puztuegiak dauden arren, horren inguruko datu zehatzak eta eragingarriak daudela baieztatzen dute adituek, eta ez zaiola horren erraza izango horiek saihestea aurretik gertatu bezala. Immunitate osoa ematen dion arauaren zati bat bertan behera uzteak erraztuko ditu ere prozesuak.
Berlusconik agintea legealdia amaitzean utziko du
Apirilaren 6ko auziari begira ateratzen ari diren trapu zikinengatik dimisioa eman dezan eskatu dio oposizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu