Berlusconik bere legea erabiliko du lau urteko kartzelatik hiru saihesteko

Italiako presidente ohiak hiru urteko inhabilitazioa ere ekidingo du, 2006ko indultuen legeari esker

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Silvio Berlusconik presidente zela ukiezin egin zuen bere burua, legeak aldatuz eta haiek bere moldera ekarriz. Kasuak eta kasuak kontra zeuzkan, baina zirrikiturik ez zuen itxi gabe utzi. Presidentetza galdu zuen, eta Italiako presidenterik ahaltsuena presidente ohia da orain, baina botereak babesten jarraitzen du.Enpresak eta askatasuna ez ditu berehalakoan galduko, 2006an egindako Indultuaren 241 Legea aldatzen ez bada.

Atzo jakin zen: lau urteko kartzela zigorraeta hiru urteko inhabilitazioa jaso ditu Berlusconik, zerga iruzurra egiteagatik. Mediaset auziaren barruan izan da. Kartzela zigorra hiru urtean geratuko zaio, ordea, eta hiru urteko inhabilitazioa ez da indarrean jarriko epaia irmoa izan arte. Beste bi aukera geratzen zaizkio helegitea aurkezteko. Il Cavalliere haserre dago Milango Zigor Auzitegiak emandako erabakiarekin: «Kondena politikoa da, sinestezina eta onartezina». Bere aurkakoak beti izan dira, haren ahotan, prozesu politikoak.

Mediaset auziarena 2006an hasi zen, indultuen legea aldatu zuenean, hain zuzen; eta, aurrekoetan egin duen bezala —hiru aldiz zigortu dute espetxera, eta inoiz ez da joan— , prozesua luzatzen saiatuko da, delitua preskribatu arte. Milango Auzitegiak azaldu duenez, 2002 eta 2003 artean Berlusconik egindako iruzur delituek preskribatu egin dute, baina ez ondorenek. Berarekin batera zigortu dute hiru urteko espetxera Frank Agrama Mediaseten zinema bitartekaria; auzitegiaren arabera, Berlusconiren «bazkide ezkutua» da, atzerrian egindako telebista eta zinema eskubideen salerosketan. Fedele Confalonieri Mediaseteko Italiako presidentea absolbitu egin dute.

Mediaset auzia film estatubatuarren eskubideen salerosketaz arduratu da. Fiskalek kalkulatu dute 470 milioi euroren salerosketak egin zituztela, eta presidente izandakoaren zerbitzura lan egin zuten enpresak zerga paradisuetan emana zutela izena. Berlusconik beti ukatu du leporatutakoa. Beti lortu du kartzela saihestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.