Emandako hitza beste behin bete gabe utzi du Silvio Berlusconik. Italiako lehen ministroak agindu zuen astelehenetan bere kontra zabalik dauden epaiketetara joango zela, baina oraingoan ere ez du promesa bete —Libiako krisiaren inguruko ministroen kontseilura deitu zuen atzokoan—. Hurrengo saioetara, hala ere, agertu egingo dela jakinarazi du bere abokatuen bidez, ezen oraingoan ez du legezko eragozpenaren formula baliatu.
Milango Zigor Auzitegiak Mills auziko beste saio bati ekin dio.David Mills abokatuari 420.000 euro ordaindu zizkion lehen ministroak bi epaiketetan haren alde egiteagatik. Mills berari lau urte erdiko kartzela zigorra ezarri zioten epaileek, baina delituak preskribatu egin zuela ondorioztatu zuen gerora Auzitegi Gorenak. Berlusconi bera ere zigorrik gabe geratu zen orduko hartan, ezen epaiketa egiten ari ziren bitartean onartu zuen lehen ministroak immunitate legea —Auzitegi Konstituzionalak 2009ko urrian bota zuen atzera legea—.
Fiskaltzaren kezka orain da epaia ematerako lehen ministroaren delitua ere ez ote den preskribituko. 2012aren hasieran epaia ematen ez bada, delitua preskribituko dela ohartarazi dute fiskalek.
Berlusconik bere promesa hautsi du, eta ez da bere kontrako epaiketara joan
'Mills auzia' epaitzeko epea amaituko den beldur da Fiskaltza; Berlusconiri eroskeria egin izana egozten diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu