«Hautestontzietan jaio naiz ni, eguzkiaren argitara, eta hilko banaiz, parlamentuan hilko naiz». Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak esandakoa bete egin da, Italiako Parlamentua hilobi politiko bihurtu baitzitzaion atzo. 2010eko aurrekontuak onartzea lortu zuen, baina agerian geratu da jada ez duela gehiengorik. Giorgio Napolitano Italiako presidentearekin bilera egin zuen bozketaren ostean, eta legebiltzarrak EB Europako Batasunak eskatutako neurri ekonomikoak onartu ostean dimisioa emango duela hitzeman dio estatuburuari.
«Lehen ministroak parlamentuan izandako emaitzaren garrantziaz jabetu dela aitortu du, eta Europako kideak Egonkortasunaren legea onartzeko egiten ari diren eskakizunei berehalako erantzuna ematearen garrantzia nabarmendu du», azaldu du bileraren ostean Napolitanok. «Behin legea aurrera atera ostean lehen ministroak estatuburuaren esku lagako du bere kargua, eta, jarraian, alderdi politikoekin bilduko naiz, bakoitzaren proposamenak entzuteko».
Datozen egunetako agenda zein izango den oraindik argitu ez badute ere, litekeena da lehen ministroak EBrekin hitzartutako murrizketa eta hazkunde plana —Egonkortasun legea delakoa— datorren astean iristea legebiltzarrera. Berlusconik kargua laga ostean, baina, ez dago argi zein izango den gobernuaren etorkizuna. «Nire ustez, hauteskundeak aurreratzea da aukera bakarra. Dena dela, estatuburua da erabaki hori hartu behar duena», esan du lehen ministroak Napolitanorekin hitz egin eta gero. Oposizioak, ordea, batasun nazionaleko behin-behineko gobernu bat osatzearen aldekoa da.
Dagoeneko kinielak egiten hasiak dira Italian Berlusconirik gabeko balizko gobernua nork gidatuko ote duen. Aukera gehien duten izenak lau dira: Angelino Alfano PDLko idazkari nagusia, Gianni Letta Presidentziako idazkariordea, Renato Schifani Senatuko presidentea eta Mario Monti Europako komisario ohia.
Ekonomiak behartuta
Batez ere herrialdearen egoera ekonomiko larriak bultzatu du Berlusconi amildegian behera. Italiaren arrisku saria ia 500 puntutara iritsi zen atzo —497—, orain arteko marka guztiak gaindituz, eta zor merkatuek ateak itxi dizkiote estatuko bonuen erosleentzako interesa %6,74ra iritsi ostean. Greziaren, Irlandaren eta Portugalen erreskateak eragin zituen kopurutik, %7tik, oso gertu dago Italia. Gainera, Europako Batasuneko eta NDF Nazioarteko Diru Funtsen begiraleak gainean ditu Berlusconik, aurrerantzean zein neurri eta zein mugimendu egingo zain.
Alabaina, azkenean 2010eko aurrekontuek bizkortu dute Italiako gobernuaren gainbehera. Joan den urriaren 11n ezin izan zituen onartu, aldeko 290 boto eta kontrako beste horrenbeste lortu zituelako parlamentuan. Ondorioz, konfiantza mozio bati aurre egin behar izan zion hiru egun geroago, eta ozta-ozta atera zen onik, gehiengoa bermatzen duten 316 botoak lortuta. Hortaz, atzokoa 2010eko aurrekontuak onartzeko bigarren ahalegina izan zen. Eta oraingoan lortu du aurrera ateratzea; baina garaipena guztiz garratza izan da Berlusconirentzat, hainbat alderdikidek ere bakarrik utzi baitute. Oposizioko alderdiek legebiltzarrera joan bai, baina bozketan ez parte hartzea erabaki zuten, «erantzukizunez jokatu» eta aurrekontuak onartzea ahalbidetzeko, baina bide batez, gobernuaren bakartasuna agerian lagatzeko.
Oposizioaren indarra
Aldeko 308 boto jaso dituzte aurrekontuek, abstentzio bakarra, eta boto bat ere ez kontra. Oposizioaren indarra, ordea, argi nabarmendu da; izan ere, legebiltzarreko eserleku guztiak beteta egon arren, gehiago izan dira bozkatu ez duten diputatuak —321— bozkatu dutenak baino —309—. Hondamendia bertatik bertara ikusi zuen atzo Berlusconik, haserre, eta bozketaren emaitzak jakin ostean ohar adierazgarriak idatzi zituen orri zuri batean. ANSA agentziako argazkilari batek argazki batean harrapatu zituen: «Zortzi traidore», «Errepublikako presidentea», «konponbide bat», eta «kontuan hartzen dut, dimisioa ematen dut».
Horixe, hain zuzen, bozketaren ostean Pierluigi Bersani PD Italiako Alderdi Demokrataren buruak eskatu diona. Dimisioa. «Aurkeztu ezazu dimisioa, eta herrialdearen onerako egin beharrekoa egingo dugu. Ez dut pentsatu ere egin nahi ez duzula dimisiorik emango, baina horrela balitz, oposizioak aukera alternatiboak aztertuko ditu. Ezin dugu horrela jarraitu».
Astelehenaz geroztik hari batean zegoen Berlusconiren gobernua, eta are gehiago Umberto Bossi Lega Nordeko buruak eta gobernukideak ere lehen ministroaren dimisioa eskatu ostean. Hala ere, azkenera arte tematu da gobernuburua, eta atzo goizean ere ez zuela dimisiorik emango berretsi zuen. «Ez gaude aulkiari itsatsita», zioen legebiltzarrera sartu aurretik, «baina oposizioari garaipena ematea Italiari traizioa egitea da».
Europa, «oso arduratuta»
Bitartean, Italiako ekonomia dela-eta «oso arduratuta» daudela nabarmendu du Olli Rehn Ekonomia eta Moneta Gaietarako EBko komisarioak. Hain zuzen ere gaur iritsi dira EBren begiraleak Italiara, gobernua gainbegiratzera. «Italiako ekonomia eta finantza egoera oso kezkagarria da, eta herrialdeari laguntza eman nahi diogu gure gainbegiraketa zorrotzarekin». Begiraleen lana herrialdearen gerorako beharrezkoa bezain baliagarria dela nabarmendu du Rehnek, «edozein dela ere gobernuan».
Italia. Berlusconiren gobernua kolokan
Berlusconik kargua lagako du EBren neurriak onartu ostean
2010eko aurrekontuak onartzea lortu du gobernuak, baina galdu egin du orain arte Italiako Parlamentuan izan duen gehiengoaLehen ministroak esan du bozetara deitzea dela gobernu berria osatzeko aukera bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu