Berlusconik «nazkagarri» deitu dio bera auzipetzeko eskatu duen fiskaltzari

Italiako gobernuburua epaitu nahi du Milango fiskalak, adingabekoen prostituzioa bultzatzeagatik

2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Bere onetik irtenda mintzatu da Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa Milango Fiskaltzak berehala auzipetu dezaten eskatu duela jakin ondoren. Epaileak «nazkagarriak eta lotsagarriak» direla adierazi du. Ruby kasuarekin zerikusia duelakoan, adingabeen prostituzioa bultzatzea eta boterea gehiegikeriaz erabiltzea leporatzen diote.

Akusazioek inolako funtsik ez dutela esan du Berlusconik. Eta haserre, «epaileek euren akatsa ordaindu dezaten», estatua auzipetzeko asmoa duela iragarri du. Horrez gain, Milango Fiskaltzaren jarduna legez kanpokoa dela uste du lehen ministroak. Legebiltzarraren eta konstituzioaren aurka ari delako, batetik; eta bera auzipetzeko eskumenik ez duelako, bestetik.

Ikerketa maiatzeko gertakari batek abiarazi zuen. Karima el Magoud Ruby 17 urteko neska atxilotu egin zuten lapurreta txiki bat egin zuelakoan, eta Berlusconik polizia etxera dei egin zuen neska aske utz zezaten exijitzeko. Hosni Mubarak Egiptoko presidentearen iloba zela esan zuen. Orain, Milango polizia etxera «nazioarteko istilu diplomatiko bat» saihesteko deitu zuela dio. Baina ikerketaren arabera, adingabeak prostituitu egin zela esan zezan eragotzi nahi zuen lehen ministroak. Eroskeria salaketa «barregarritzat» jo du, eta halakorik ez dagoela dio. Adingabeen prostituzioa bultzatu izana ere ukatu du Il Cavalierek. Haren Arcoreko etxean ospatzen zituzten festetan, baina, «diru truk emakume gazte ugari prostituitu dela» dio Ilda Boccassini fiskalaren ikerketa txostenak.

«Ikerketaren helburua nahasmena eta desinformazioa eragitea da», azaldu du Berlusconik haserre batean. Bere aurkako akusazioak «asmakeria hutsa» direla dio, eta horrek atsekabetzen duela, Italiaren izen ona zikintzen dutelako. Epaileek herrialdea lokazten dutela gaineratu du.

«Frogaren ebidentzia existitzen delako» erabaki dute epaileek berehala auzipetzeko eskatzea. Prozesu bizkorrago bat ahalbidetzen du horrek.

Orain, Cristina de Censo epaileak bost egun ditu erabaki bat hartzeko. Fiskalaren eskaera onartuz gero Berlusconi bi hilabete barru-edo epaituko lukete. Eroskeria delituagatik hamabi urterainoko kartzela zigorra ezarri ahal diote, eta hiru urtekoa adingabeen prostituzio delituengatik. Onartzen ez badu ere, ikerketak ez du zertan bertan behera geratuko, epaileak fiskalei itzul baitiezaieke kasua prozesu arruntaren bidetik aurrera egiteko.

Epaileak, era berean, Milango auzitegiari kasua ikertzea dagokion erabaki beharko du. Izan ere, defentsak dio Milanek ez duela eskumenik Arcoren jazotakoak ikertzeko.

Defentsaren arabera, eroskeria delitua ikertzea ere ez dagokio Milango auzitegiari, baizik eta ministerio auzitegi bati. Epaileak argudio hori onartuz gero, legebiltzarrean ministerio auzitegiari Berlusconi epaitzeko baimena ematen dioten edo ez bozkatuko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.