Egoera "zaila" zabaldu dute Italiako hauteskundeen emaitzek, zentro-ezkerreko Pier Luigi Bersani hauteskundeetako garaileak berak aitortu duenez. Bersanik irabazi ditu bozak, ozta-ozta: parlamenturako, botoen %29,5 eskuratu ditu; senaturako, berriz, %31,6. Emaitza horiekin, gehiengo absolutua izango du parlamentuan, baina gehiengo absolutu hori lortzetik urrun geratu da senatuan.
Gaur arratsaldean azaldu duenez, parlamentura programa bat eramango du, eta asmoa da horren bitartez erakundeen erreformaz, erreforma politikoaz, krisiak gogorren jo dituen sektoreen defentsaz eta moraltasunaz eztabaidatzea.
Bersanik berak segidako mezua jarri du sare sozialetan, hauteskundeetan nagusitu ondoren.
Centrosinistra ha vinto Camera ed è avanti a Senato. Gestiremo responsabilità che #elezioni2013 ci hanno dato nell’interesse dell’Italia.
— Pier Luigi Bersani (@pbersani) February 25, 2013
Silvio Berlusconik estu hartu du Bersani, ordea. %29,1 boto eskuratu ditu, Bersanik baino 120.000 boto inguru gutxiago. Senatuan, berriz, %30,7 lortu du. Emaitza horiek eskuan, oraingoz garailerik ez izendatzeko eskatu dio bere alderdiak Italiako Barne Ministerioari, argudiatuta emaitzak hain estuak izanda litekeena dela balizko akatsek emaitza aldatzea. Gaur goizean, ordea, zentro-ezkerraren garaipena aitortu du, eta baztertu egin du Mario Montirekin akordioak lortzeko aukera.
Datuak ikusteko, jarri sagua infogramaren gainean.
Estatu osoan gehien bozkaturiko koalizioa izateak ez dio balio izan, beraz, Bersaniri, gobernatzeko. Izan ere, Italiako Senatua eskualdeka irabazten da neurri batean: barruti bakoitzean gehien bozkaturiko alderdiak eskualde horretako gehiengoa lortzen du. Biztanle gehiago duten eskualdeek ordezkaritza handiagoa dute ganberan. Lombardia, Veneto eta Sizilia dira gehien dutenak; eta atzo eskuinaren menpe zeuden hirurak.
Beppe Grillo izan da gehien bozkaturiko indarren artean hirugarrena, Mario Monti teknokrataren aurretik. Botoen %25,5 lortu ditu parlamentuan, eta %23,8 senatuan. Bere esku egon liteke Italiaren gobernabidearen giltza, Bersanirekin nahiz Berlusconirekin osa baitezake gehiengoa senatuan.
Mario Monti lehen ministro ohiak porrot egin du bere aurreneko hauteskundeetan. Botoen %10,5 jaso ditu parlamenturako, eta %9,1 senaturako. Ez da erabakigarria izango aliantza politikoak ezartzerakoan.
Biharamunean, hauteskundeek zeharo aztoratu dute Italiako ekonomia. Italiako arrisku saria 40 puntu hazi da atzoz geroztik, eta Milango burtsa %5 jaitsi da. Alor politikoan, gainera, balizko aliantzak izan dituzte hizpide alderdiek. Berlusconik baztertu egin du Montirekin akordioak bilatzea, baina ez dio atea itxi Bersaniren aldeko koalizioari. Senatuko koalizio horretako buru Anna Finnocchiarok, ordea, baztertu egin du Berlusconirekin akordio batera heltzeko aukera.