Berlusconiren aliatu ohiek dimisioa eman dute Italiako Gobernutik

Ordezkarien Ganbera berritzeko bozak aurreratzeko prest dago lehen ministroa, baina ez Senaturakoak

arantxa elizegi egilegor
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Italiako lehen ministro Silvio Berlusconiri ez zaizkio gauzak nahi bezala ateratzen ari. Bere aurkako dozena erdi salaketari aurre egin behar izateaz gain, orain gobernuan ere sostengurik gabe geratzen ari da. Gobernu taldea uzten azkenak garai bateko bere aliatuaren, Gianfranco Finiren, Etorkizuna eta Askatasuna (FLI) alderdiko kideak izan dira: Europarako Politiketarako ministro Andrea Ronchi, Garapenerako ministrorde Adolfo Urso, Ingurumenerako idazkariorde Roberto Menia eta Nekazaritzarako idazkariorde Antonio Bonfiglio. FLIk zabaldutako komunikatuaren arabera, gobernuarekiko «konfiantza faltagatik» erabaki dute kargua uztea. Ez dira, ordea, bakarrak izan. Aurretik Berlusconiren koalizioa utzi zuen Autonomiarako Mugimenduko kide Giuseppe Maria Reinak dimisioa emana zuen Azpiegitura eta Garraio Ministeriotik.

Konfiantza mozioa

Datozen asteetan, bestalde, konfiantza eta zentsura mozio banari egin beharko die aurre gobernuburuak. Azken hori oposizioko Alderdi Demokratak eta Balioen Italia alderdiek aurkeztu dute. Bozketak egiteko egunak datorren astean zehaztuko dituzten arren, ia ziurra da Berlusconik zail izango duela garaipena lortzea Diputatuen Ganberan, non Finirenek haren aurka egingo dutela iragarri duten. Senatuan, berriz, gehiengoari eusten diote oraindik Askatasunaren Herria alderdikoek. Dena den, bozketa ez dute egingo 2011ko aurrekontuak onartu baino lehen.

Berlusconik berak aitortu du krisiak jota dagoela bere gobernu taldea, baina, haren ustez, beste batzuk dira erantzuleak. «Prentsa eta demokraziaren aurkako ezkertiarrak dira zentro-eskuinak dituen arazoen erantzuleak. Ez irakurri politika partidokratikoaren propaganda egiten duten egunkariak». Lehen ministroa prest agertu da, hala ere, Diputatuen Ganbera eta Senatuari haien iritzia galdetzeko. Baina zehaztu du lehenengoan konfiantza mozioa galdu eta bigarrenean irabaziko balu soilik behe ganberarako hauteskundeak aurreratu beharko liratekeela. Oposizioak, ordea, ez du halakorik onartuko. Dena den, azken hitza Giorgio Napolitano Italiako presidentearena izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.