ITALIA

Berlusconiren aurkako auzia bera bertan egon gabe hasi da

Fiskaltzak epaileburua baztertzeko eskatu du, lehen ministroaren aldekoa delakoan

Erredakzioa
2004ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Atzo hasi zen Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren aurkako epaiketa Milanen. Berlusconi, baina, ez zen bertan izan. Orain arte, immunitate legeak babesten zuen Berlusconi. Iazkourtearen amaieran, ordea, bertan behera geratu zen legea. Hala, ustelkeria delitua egiteaz salatuta, epaiketari aurre egin beharko dio gobernuburuak.

Gainera, auziaren hasieran Fiskaltzak Francesco Castellano epaitegiko presidentea auzitik baztertzeko eskatu du. Eskaera ez dute onartu, ordea. Berlusconiren aurkako «epaiketak ez du etorkizunik» esan zuen Castellanok 2002an . Horregatik, Fiskaltzaren esanetan, epailea «Berlusconiren aldekoa» da.SME enpresaren inguruko ustelkeria kasuan auzipetu dute Berlusconi. 1985. urtean, Estatuak SME enpresa publikoa Carlo de Beneditti negozio-gizonari saltzea galarazteko epaileak erosi izana egotzi zion Fiskaltzak. Salmenta hura etetea lortu ostean, SME enpresa beste talde baten eskuetara igaro zen. Taldeko kideen artean Fininvest zegoen, Berlusconiren enpresa nagusia, alegia. 2003ko maiatzaren 5ean Milanen epaileen aurrean hitz egin zuen Berlusconik. Orduan, SMEren salmenta atzeratzeko eta hura bere enpresa batek bereganatzeko ekimena «estatuaren interesengatik» bultzatu zuela esan zuen Berlusconik. Haren esanetan, salmenta etenda, «Estatuaren kontrako ekintza» saihestu zen.

Lankideak kartzelan daude

1985ean gertaturiko ustezko ustelkeria delitu hori dela medio, Cesare Previtik, Berlusconiren konfiantzako pertsona eta Forza Italia eskuin muturreko alderdiko legebiltzarkideak bost urteko kartzela zigorra bete beharko zuela erabaki zuen Milango epaitegiak joan zen urteko azaroaren 22an. Ustelkeria afera berean nahasita izateagatik, epaile batek eta abokatu batek zortzi eta lau urteko kartzela zigorra bete beharko dute, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.