AEBak

Bernie Sandersek bertan behera utzi du kanpaina

Lehen primarioetan nagusi izan zen arren, Joe Biden lehian sartzeak kalte handia egin zion Vermonteko senatariari. AEBetako presidenteorde izandakoak libre du orain bidea

Bernie Sanders, artxiboko argazki batean. ERIK. S. LESSER / EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 8a
18:15
Entzun

Twitterreko bere kontuaren bidez jakinarazi du Bernie Sandersek kanpaina bertan behera uzteko erabakia. Alderdi Demokratako presidentegaia aukeratzeko lehia hasi zutenean, indartsu hasi zen Vermonteko hautagaia, eta askok uste izan zuten lehen postura helduko zela. Iowan, New Hampshiren eta Nevadan nagusi irten zen ezkerreko hautagaia, baina Astearte Handiak irauli egin zuen testuingurua. Egun batetik bestera, Joe Biden, hots, Barack Obamaren presidenteordea izandakoa zen faboritoa, bai herritarren artean eta baita alderdi barruan ere.

Gazteen babesa izan zuen hasieratik Sandersek, baina hori ez zen nahikoa izan beltzen eta latinoen hautagai bilakatu zena garaitzeko. Azken asteetan, kanpainari eutsi dio Vermonteko senatariak, baina koronabirusaren krisiak ahuldu egin ditu haren indarrak, eta baita diru iturriak ere. Hala, eskerrak eman dizkie gaur bere jarraitzaileei, «Amerika berri bat» eraikitzeko ahalegina egiteagatik.

Hautagaitza eskuratu ez arren, Alderdi Demokrataren barruan «borroka ideologikoa» piztu dutela nabarmendu du Sandersek, eta gehitu hasieran «muturrekotzat» hartu ziren proposamenak mahai gainean dituztela orain alderdikideek: esaterako, orduko 15 dolarreko soldata.

Demokraten presidentegaia izateko bigarren ahalegina izan du aurtengoa 78 urteko senatariak —aurrekoa 2016an egin zuen, Hillary Clinton hautagai izendatu zutenean—, eta aitortu du gogorra izan dela kanpaina bertan behera uzteko erabakia: «Azkenean onartu behar izan dut ezinezkoa zela hautagaitza eskuratzea. Joe Biden izango da demokraten hautagaia, baina guk saiatu beharko dugu ahalik eta ordezkari gehien lortzen, gure iritziak ahalik eta pisu handiena izan dezan». Hala, hautagaitza bertan behera utzi arren, primarioetara aurkeztuko dela iragarri du.

Biden eta Trump

Sandersek bere erabakiaren berri eman eta minutu gutxira heldu da Bidenen erantzuna. Presidenteorde izandakoak eskerrak eman dizkio Sandersi egindako lanarengatik, eta aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko deia egin dio komunikatu batean. «Sandersek ez du soilik kanpaina egin: mugimendu bat sortu du bere inguruan, eta ziur naiz mugimendu hori ez dela berehalakoan desagertuko».

Sandersen jarraitzaileak ere deitu ditu bere kanpainarekin bat egin dezaten: «Entzuten zaituztet, eta ulertzen dut herri hau aldatzeko beharra dagoela. Horregatik eskatzen dizuet gurekin bat egiteko».

Bidenekin batera, Donal Trump estatuburuak ere dagoeneko eskuratu du bere alderdiaren hautagaitza. AEBetako egungo presidentea izango da, beraz, Bidenen aurkaria azaroan egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeetan. Biak ala biak koronabirusak eragindako osasun krisia baliatzen ari dira botoak lortzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.