Beroa

Bero boladaren ondorioz Frantzian bost mila lagun inguru hil izana litekeena dela onartu du Osasun ministroak

Azken asteetan Europa osoa astindu duen bero bolada izugarriak Frantzian bost mila bat lagunen heriotza eragin izana "litekeena" dela adierazi du gaur goizean Francois Mattei Osasun ministroak. Komunikabide batek atzo azaldu zuenez, iragan bi asteetan bost mila izan dira Frantziako Estatuan bero saparen ondorioz hil direnak, eta kopuru handi hori egiazkoa izan litekeela onartu du Matteik RTL irrati katean egin dioten elkarrizketan. Dena den, horiek guztiak hipotesiak direla nabarmendu du, eta aste batzuk barru arte ez dela hildakoen kopuru zehatza jakingo.

2003ko abuztuaren 18a
19:15
Entzun
Francois Mattei Frantziako Osasun ministroak kritika gogorrak jaso ditu azken egunotan: bero boladak sortutako arazoeibehar bezala aurre egiten ez duela asmatu leporatu diote hainbat komunikabidek eta gizarte eragilek. Gertatu den horretan berak ez duela ardurarik erantzun du Matteik, esan duenez, Osasun Zaintzarako Institutuak eta Osasunerako Zuzendaritza Nagusiak ez baitzioten egoeraren larritasunaren berririk eman.

Hain zuzen ere, Osasun Zaintzarako Institutuak ez zela zetorren egoera zaila aurreikusteko gai izan onartu du, eta Osasunerako Zuzendaritza Nagusiak, berriz, ospital gehienetan alerta larrian egon arren, "egoera normala" zela esan zuen behin eta berriz.

Oraindik ere, alerta egoeran dago Frantziako osasun sistema, "badaezpada". "Egoera normalizatu da, eta kontrolatuta daukagu. Hala ere, alertan jarraitzea erabaki dugu hiru arrazoigatik: batetik, datozen egunetan berriro tenperaturak igotzea litekeena delako; bestetik, iragandako bero sapak gorputz ahul askotan ondorio nabarmenak utzi dituelako; azkenik, zahar askok etxera itzulita behar bezalako arreta jasotzeko modurik ez dutelako", azaldu du Osasun ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.