Bopha tifoiak kalte handiak eragin zituen atzo Filipinetan, eta berrehun lagun pasa hil dira, hango agintariek baieztatu dutenez. Hildakoak 230 direla esan dute gaur goizean. Gaineratu dute datozen orduetan hilotz gehiago aurkitzeko aukera handia dagoela eta kopuru horrek gora egingo duela ziurrenik.
Hildako horietako gehienak luizietan, uholdeetan eta zuhaitzak erori eta azpian harrapatuta hil dira. 120.000 pertsonak etxea utzi behar izan dute, eta babeslekuetan daude noiz itzuli ahal izango duten zain. Aireportuak eta kaiak itxi egin dituzte.
Tifoiak orduko 210 kilometroko haize ufadak izan ditu. Datozen orduetan indarra galtzea espero da.