Mexiko zeharkatzen ari den migratzaileen karabanan da BERRIA. Kristina Berasain Tristan Mundua saileko kazetaria barrutik jarraitzen ari da karabana, lekukoak jaso eta ihes egin dutenei ahotsa emateko. Azken zenbaketaren arabera, 4.814 lagun doaz, batzuk aurrerago eta beste batzuk atzerago; atzetik beste hiru karabana datoz.
Alboan gobernuz kanpoko erakundearen bidez egin du bidaia BERRIAko berriemale bereziak. Eusko Jaurlaritzaren Euskal Lankidetza Agentziaren programa bati esker, Ameriketan migratzaileekin lan egiten duten elkarteekin ari da lanean.
Karabana Guadalajarara iritsiko da gaur (zazpi orduko aldea dago Euskal Herriarekin). Bihar iparralderako bidean jarraituko dute. Sinaloa, Sonora eta Kalifornia Behea estatuak arriskuz beteta daude, talde kriminalen eta narkotrafikatzaileen eskuetan baitago basamortua.
Migratzaileek Tijuanara iristea dute helburu. AEBetako mugan zer gertatuko den da orain iheslarien kezka nagusia. Donald Trumpek soldaduz eta hesiz bete du muga eta asilo eskaerak mugatuko dituela ohartarazi du.
Erdialdeko Amerikako Iparraldeko Triangelua bezala ezaguna den eremutik alde egin dute migratzaileek. Hondurasek, El Salvadorrek eta Guatemalak osatzen dute heriotzaren triangelu hori, indarkeria oso errotuta baitago han, marek, talde kriminalek eta narkotrafikatzaileek kontrolatzen baitute hein handi batean lurraldea, milaka pertsonen bizimodua baldintzatuz.