Berririk ez ustez 500 etorkin Kanarietara zeramatzan ontziaz

Itsasontzia larunbatean begiztatu zuten, Kanariar Uharteen eta Mauritaniaren artean; haren bila segitzen dute

2006ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Ustez 500 etorkin daramatzan ontzi baten bila segitzen zuten atzo, Kanariar Uharteen eta Mauritania arteko uretan, Espainiako Guardia Zibilaren ontziek eta Espainiako Armadako airekoek. Iragan larunbatean Armadako hegazkin batek hura izan daitekeen ontzia begiztatu zuen Kanarietatik 140 bat milia hego-mendebaldera. SER irrati kateak eman zuen bilatzen ari diren ontzian ustez doazenen kopuru hori; gaineratu zuenez, ontzi horren jomuga ez dira Espainiaren menpeko lurraldeak. Haren arabera, hainbat estatutako zerbitzu sekretuek kontrolpean dute ontzia. Espainiako CNI zerbitzu sekretuek joan den ostegunean zabaldu zuten Gineako Errepublikako portu batetik atera zela. Nolanahi ere, lerrook idazterako ez zegoen ontziaren inguruan berri gehiago.

Ontzi horren inguruan zabaldutako informazioak tirabirak sortu ditu Kanarietako Gobernuaren eta Espainiakoaren artean. Atzo Kanarietako Presidentetza eta Justizia kontseilari Jose Miguel Ruanok esan zuen «agerikoa» zela iragan berri den asteburuan etorkinak zeramatzan ontzi bat Kanarietarantz zihoala, eta Espainiaren eskumeneko uretan sartu aurretik aurrean jarri zitzaiola Espainiako Armadako itsasontzi bat. Gainera, Espainiako Gobernuak Kanarietan duen ordezkaritzari «errealitate hori ukatzea» leporatu zion Ruanok, eta hori egiteko arrazoiak galdetu zizkion. «Egoeraren diagnostiko ona egiteko nahiak bultzatuta, ez da ona errealitatea ezkutatzea», nabarmendu zuen. Ruanok azaldu zuen Kanarietako Gobernuaren eta Espainiako Ordezkaritzaren arteko harremana «zaila» dela. Kanarietako Gobernuak immigrazioaren auzian «arduraz» jokatu nahi duela adierazi zuen kontseilariak, eta horretarako Ordezkaritzak Madrili presio egitea beharrezkoa dela nabarmendu. «Madrilek auziaren inguruan beharrezkoak diren politika guztiak abiatu» behar dituela zehaztu zuen Ruanok. Era berean, onartu zuen Madrilek hainbat neurri jarri dituela indarrean, baina oraindik aski ez direla esan zuen. Premiazkoena Espainiaren eta Mauritaniaren arteko patruila bateratuak antolatzea dela esan zuen, ontziak Mauritaniatik ateratzea eragozteko. Madrilgo ordezkariekin Mauritaniara duela gutxi eginiko bidaian Mauritaniako presidenteak esandakoa gogora ekarri zuen, alegia, hango kostaldeko hainbat tokitatik Kanarietara joateko ontziak atontzen ari zirela. Hori dela eta, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren jarrerarekiko harridura berretsi zuen. «Egitateei aurrea hartzeko neurriak behar dira, errealitatea ezkutatu beharrean».Ildo horretan, Kanarietako Legebiltzarrak itsas mugak kontrolatzeko eskatzea erabaki duela gogoratu zuen Ruanok.«Egoera larria da, baina errealitatea ukatzeak ez du arazoa konpontzen lagunduko», nabarmendu zuen kontseilariak.Bien bitartean, Espainiako Defentsa Ministerioko iturriek jakinarazi zuten Armadako bi itsasontzi eta salbamendu zerbitzuko hegazkin bat prest zituztela arestian aipatutako ontziari laguntzeko, honek horren beharra izanez gero.

Etorkin batzuk, hilik; beste batzuk, onik

Bestalde, atzo Tenerifera (Kanariar Uharteak) iritsi ziren kostazainek inguruko uretan aurkitutako txalupa batean zihoazen 44 etorkinak. Agintariek jakinarazi zuten urik eta janaririk gabe gelditu zirela, baina osasunez ongi zeudela. Ontzian 41 heldu eta hiru gaztetxo zihoazen, eta horiei ura eta elikagaiak eman ondoren, Espainiako Armadak uhartearen iparrean, Las Raicesen, duen kuartelera eraman zituzten. Haien ontziak ez zuen nabigazio sistemarik.

Joan den larunbatean gutxienez 32 etorkin hil ziren , haien ontziak beste bat jo eta hondoratuta, Mauritaniako kostaldetik gertu. Ezbeharra Nuadibuko uretan gertatu zen, Mauritaniako iparraldean. Haiekin zihoazen beste 25 etorkin bizirik atera zituen arrantzontzi batek. Nuakchot hiriburuko ospitale batzuetara eraman zituzten gero. Iturri medikoek jakinarazi zutenez, larri zeuden, intsolazio, egarri eta gosearen eraginez. Gaineratu zutenez, Gambia, Mali eta Senegalgo herritarrak dira, eta duela bi aste pasatxo atera ziren Nuadibutik, baina itsas korronteak beren ontzia desbideratu zuen.

Horrez gain, Kanariak jomuga zituzten 83 etorkin senegaldar hauen herrialdera itzuli zituen atzo Marokoko Gobernuak. Etorkinak Mendebaldeko Saharako (Marokoren menpe, zatirik handiena) hainbat tokitan atxilotu zituen Marokoko Poliziak, aurreko egunotan. Atxilotuok Dakhlako aireportutik (Mendebaldeko Sahara) ateratako hegazkin batean kanporatu zituzten, atzera Senegalera bidaltzeko. Airekoa Senegalgo enbaxadarekin koordinatuta bideratu zuten Senegalera.Espainiak eta Marokok Mediterraneoko urak eta kostaldeak areago gotortu dituztenetik gero eta gehiago dira Europara Kanariar Uharteen (Espainiaren menpeko uharte afrikarrak) bidez iritsi nahi duten etorkin afrikarrak. Baina asko eta asko bidean geratzen dira, Ozeano Atlantikoko uretan, edota poliziek atxilotuta.

ELKARTASUNA



 

 

Nobel saridun eta kultura arlokoak, etorkinekin





Hiru Nobel saridun eta kultura arloko hamaika pertsonak manifestu bat kaleratu dute, non etorkin afrikarrekiko elkartasuna adierazteaz gain, gobernu, alderdi politiko, eliza eta instituzio publikoei erantzukizuna eta larrialdiko neurriak exijitzen dizkieten, Afrikako kontinentean aspalditik gertatzen diren bidegabekeriei aurre egin diezaieten. Horrez gain, Europako gobernu askok, pobreziatik, gaitzetatik eta gerretatik ihesi doazen afrikarren kontra egiten dituzten giza eskubideen urratzeak salatu dituzte. Sinatzaileen artean Jose Saramago, Adolfo Perez Esquivel, Fernando Meirelles, Dario Fo, Peter Lilienthal, Gabriel Jackson, Lucia Etxebarria, Montxo Armendariz, Felipe Juaristi eta Maruja Torres daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.