Berriro ere

Etiopian sei milioi haur hiltzeko arriskuan daude; lehorteak eta elikagaien prezioen igoerak herrialdea beste gosete baten atarian egotea eragin du; iraileko uzta urrun dago askorentzat.

2008ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Tef izeneko laborea oinarrizko elikagaia da Etiopian. Labore horrekin egiten dute etiopiarrek askorentzat eguneko janari bakarra den opila: injera. Lau hilabetean bikoiztu egin da laborearen prezioa, eta horrek eta aurtengo lehorteak beste gosete baten atarian jarri du jada gosea pasatzera ohituta dagoen herrialdea. Duela hogei urte milioi bat lagun hil ziren gosez Etiopian. Orain sei milioi haur hiltzeko arriskuan daudela ohartarazi du Unicefek, Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak. Datozen lau asteetan 150.000 ume hil daitezke.

Bjorn Ljungqvist Unicefeko Etiopiarako arduradunak eman du datua: «Gutxienez sei milioi haur bizi dira lehorteak kalte egindako lurraldeetan, eta premiazko laguntza behar dute». Haur horien guztien egoera larria baldin bada ere, horietatik 126.000 «azkenetan» daudela zehaztu du nazioarte erakundeko arduradunak. Unicefen hitzetan, egoera guztiz kezkagarri honek kolokan jar litzake umeen heriotza tasa murrizteko azken urteotan lortutako emaitza txalogarriak. Etiopia Afrikako herrialde pobreenetakoa baldin bada ere, azken hogei urteotan %40 murriztu da umeen heriotza tasa.



BILTEGIAK HUTSIK.Etiopian, orotara, 83,1 milioi lagun bizi dira. Herritarren %85 nekazaritza eremuetan bizi dira, eta horientzat ezinbestekoak dira uztak. Azkenekoa kaskarra izan da, eta irailekoa oso urrun egon daiteke askorentzat. OCHA Giza Laguntza Koordinatzeko Nazio Batuen Erakundeak bost bider biderkatu du diru laguntza eskaera. Nazioarteari 211 milioi euro eskatu dizkio 4,6 milioi lagun elikatu ahal izateko. Elikagaiak erosteko baliatuko lirateke 174 milioi. Etiopian ia hamar milioi lagun nazioarteko laguntzari esker bizi dira. Etiopiak 195 milioi euro eskatu ditu premiazko egoeran dauden herritarrak laguntzeko. Egun biltegietan dauden elikagaiak -118.000 tona- ekainaren amaieran amaituko dira, eta uztailean gosetea izateko arriskua dago.

Etiopiako hainbat eskualdek hilabete luzeotan pairatu dute lehortea. Idorteak uztak atzeratu egin ditu, eta iparraldean tartean euri apur bat egin badu ere, abuztura edo irailera arte ez dira espero tef, gari, arto eta sorgo bilketak. Eskualde batzuetan egoera bereziki larria da: Oromon (erdialdean), Somalin (hego-ekialdean), Amharan (erdialdea), Afarren (ipar-ekialdean) eta Tigrayn (iparraldean).

Bjorn Ljungqvist Unicefeko Etiopiarako arduradunak jakinarazi du lehorteak azienda ugariren heriotza eragin duela. Oinarrizko elikagaien, nekazaritzako ongarrien eta petrolioaren prezioen garestitzeak are kinka larriagoan ezarri du herrialdea: «Merkatuetan prezioak izugarri igo dira, eta orain arte oinarrizko elikagaiak erosteko zailtasunak zituzten herritarrek orain ezinezko dute ezer erostea».

Etiopiako herritar pobreenek, beraz, are zailtasun gehiago dituzte egun janaria eskuratzeko. Labore asko %150 garestitu da. WFPMunduko Elikadura Programak jakitera eman du sorgoaren salneurria %98 igo dela, artoarena %83, eta gariarena %54 -iazko irailetik aurtengo otsailera arteko hazkundea da-. WFPk ere kinka oso larrian direnei berehalako laguntza bat emateko xedez dirua eskatu du; 98 milioi euro. Etiopiarrei 183.000 tona elikagai helaraztekoa da diru horrekin nazioarteko erakundea.Lisetta Trebbi WFP erakundeko arduradunak azkenaldian munduko hainbat txokotan izan diren hondamendiek diru laguntza jasotzeko lehia eragin duela azaldu du: «Myanmarren eta Txinan gertatukoaren harira nabari da lehia gogorra badela premiazko laguntza biltzeko; Etiopian dugun egoera larriaz ohartarazteko zailtasunak ditugula aitortu behar da».

Etiopiako Gobernuak, zituen prezioen gorakada ikaragarriari aurre egiteko xedez, 15.000 tona gari erosiko ditu atzerrian. Meles Zenawi Etiopiako lehen ministroak gobernuak laboreen «neurriz kanpoko garestitzea» saihesteko ahaleginak egingo dituela eman du aditzera. Bere ustetan, merkatari batzuek zerikusia dute laboreen «gehiegizko» prezio igoerarekin: «Zituen salneurriak kontrolatzeko ahaleginetan jardun dugu, baina saltzaile batzuek prezioak egonkortzeko neurriak ez dituzte betetzen». Zenawiren hitzetan, haatik, dendariak ez dira egoera honen erantzule bakarrak: «Legez kanpokosalerosketa asko daude eta jokaerahauei ez zaie zorrotz aurre egiten, batez ere Addis Abeban».

Addis Abebako agintea hondamen natural hauez baliatu dela salatu dute, bestetik, giza eskubideen defentsarako erakundeek. Etiopiako Gobernuak lehorteek eta hauen ondorio itzelek eragindako hunkipen eta elkartasun oldeak baliatu ditu laguntza jasotzeko eta laguntza horretatik zati bat desbideratu egin dela susmoa dute.



Afrikan sei umetik bat ez da iristen 5 urte betetzera

Afrikan 5 urtetik beherako 14.000 haur hiltzen dira egunean; urtean bost milioi dira hiltzen diren 5 urte beherako haurrak. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak eman du datua, Afrikako Umeen Nazioarteko Egunean. Kontinente beltzean jaiotzen diren sei umetik bat ez da iristen 5 urte betetzera. Gaur egun, lau milioi haur daude hiltzeko arriskuan. Nazioarteko erakundearen arabera, 6.500 milioi euro aski lirateke ume horien etorkizuna bermatzeko. Datuok kezkagarriak badira ere, itxaropenerako tartea ere badago Afrikan. Azken 25 urteetan %14 murriztu da haurren heriotza tasa. Afrika iparraldeko herrialdeetan ezarri diren politikek lagundu dute horretan. Egipton, 1990. urtetik %62 murriztu da tasa. Sierra Leonan, berriz, jaiotzen diren mila haurretatik 270 hiltzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.