AEBak. Presidentetzarako hauteskundeak

Berriz hautatu dute

Barack Obamak aise eskuratu ditu bozak irabazteko behar zituen 270 ordezkariak; estatu zalantzati ia guztiak konbentzitu dituFloridan %0,6ren aldea baino ez dio atera Romneyri; hala ere, ez dago ezer kolokan

Berriz hautatu dute.
Samara Velte.
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Estatubatuarrek barkatu egin diote: Barack Obamak beste lau urtez gobernatuko du munduko herrialderik boteretsuena. Atzo goizerako, argiak ziren emaitzak: estatu batzuetan botoen %100 oraindik zenbatu gabe egon arren, bistakoa zen Obamak estatu garrantzitsuenak alde izango zituela. Aise gainditu ditu presidente izateko lortu beharreko 270 ordezkariak. Azken uneko ezustekorik ezean, 344k babestu dute Alderdi Demokrata, eta 206k Alderdi Errepublikanoa.

Espero zen baino alde handiagoz irabazi du Obamak. Estatu zalantzati ia denak poltsikoratu ditu; Ipar Carolinak eta Indianak, ordea, errepublikanoen bandora egin diote ihes. Florida izan da azkenera arte zalantzan egon dena; atzo iluntzean oraindik ofizialki baieztatu gabe zeuden bertako emaitzak. %100 zenbatuta, %0,6ren aldea baino ez zion ateratzen presidenteak Mitt Romneyri. Botoak berriz zenbatuz gero, ez litzateke estatu hori azken unean alderdiz aldatzen den lehen aldia. Oraingoan, ordea, ez dago ezer kolokan Florida galtzeagatik: hango 29 ordezkariei uko eginda ere, garaile da Obama.

Emakumeek, gazteek eta asiarrek, oro har, Obamaren alde jarraitzen dute, 2008an baino gutxixeago babestu duten arren. Bederatzi afroamerikarretik batek ere bere alde egin du, eta gorakada handiena hispanoen artean izan du. Kolektibo horretako kideen artean, 40 punturen aldea atera dio Romneyri, botoen %69 jasota.

Atzo goizaldean, leku batzuetan oraindik zenbaketa lanetan ari zirela hasi ziren ospakizunak Alderdi Demokrataren egoitzetan. CNN kateak New Yorkeko Empire State Buildingeko argiztapena baliatu zuen emaitzen berri emateko: etxe orratz osoa urdinez tindatu zuenean piztu zen festa AEBetako hiririk handienean. Obamaren oso zaleak ez direnen artean ere, arnasa hartu zuen batek baino gehiagok.

Irabazi izana ospatzeko hitzaldian, errepublikanoekin aritzeko asmoez mintzatu zen Obama: «Romney gobernadorearekin elkartzeko gogoz nago, elkarrekin erabakitzeko nola eraman dezakegun herrialde hau aurrera».

«Orain dator onena»

Obamaren presidentetzak iraupen argia du orain: beste lau urte, gehiago ez. Legeak debekatu egiten dio hirugarrenez aritzea. «Nahiago nuke agintaldi batez presidente on bat izan, bi agintaldiz erdipurdiko presidentea izan baino», esan zuen 2009an. Orain du aukera gutxienez agintaldi batez presidente ona izateko. Lorpen batzuk eginak ditu, baina baditu bukatu gabeko hainbat etxeko lan ere, eta horiei heltzeko asmoa adierazi du: «Orain dator onena». Sei mila milioi dolar kostatu den kanpainaren ostean—inoizko garestiena izan da—, asmatu beharko du nola eutsi ekonomiaren pizte apalari. Zor publikoak, urte amaierarako, onartutako muga gaindituko du. Gizarte Segurantza herritar guztiengana zabaltzea xede duen erreforma onartzeko, errepublikanoek oztopo gutxiago jarriko dizkiotela espero du, baita etorkinei AEBetan ikasteko baimena bermatzen dien Dream Act legea ere; jada ohartuko ziren latinoen botorik gabe ez dagoela bozak irabazterik.

Praktikan, ordea, bi urte gelditzen zaizkio presidenteari: 2014ean Kongresua berrituko da berriz, eta 2015ean hurrengo bozetara begira egongo dira denak. Obamarik gabeko bozak izango dira, eta Alderdi Demokratari kostatu behar zaio haren pareko hautagairik topatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.