Katalunia

Bertan behera geratu da Puigdemonten kargugabetzeaz erabaki behar zuen Parlamentuko saioa

Parlamentuko mahaiko kideek ez dute akordiorik lortu matxinadagatik auzipetutako sei diputatu independenisten kargugabetzeari buruz. Puigdemont ez beste diputatuen kargugabetzea gauzatzearen aldekoa da Junts per Catalunya, ez, ordea, ERC eta CUP.

Parlamentuko mahaiko kideak, artxiboko argazki batean. ALEJANDRO GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko uztailaren 18a
10:37
Entzun

Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak diputatu kargua eten die matxinadagatik auzipetutako sei diputaturi; behin-behineko neurriak Carles Puigdemonti, Oriol Junquerasi, Josep Rulli, Jordi Turulli, Raul Romevari eta Jordi Sanchezi eragiten die. Ordezkoak jarri edo ez erabakitzea, ordea, Kataluniako Parlamentuari dagokio, eta han alderdiak ez dira ados jarri.

Osoko saioa hasi aurretik bildu dira mahaiko kideak, eta Roger Torrent presidentearen proposamena izan dute mahai gainean: behin-behinean kargugabetutako diputatuak euren talde parlamentarioetako kideez ordezkatzea, gehiengoei euste aldera. Alderdi subiranisten artean ERC izan da ordezkoak jartzearen alde agertu den bakarra, argudiatuz besterik egiteak justiziarekiko arazoak eragin ditzakeela.

Erdibideko bide bat defendatu du Junts per Catalunya, eta bost diputaturi ordezkoak jartzeko prest agertu da, baina ez hala Puigdemontena, argudiatuz hori onartzea hura presidente izendatzeko aukerari uko egitea litzatekeela.

Bozketan Torrenten proposamenaren aurka bozkatu du JxCateko diputatuetako batek eta abstenitu egin da bestea. Aurka bozkatu du Ciutadanseko ordezkariak ere, eta alde ERCk eta PSCk. Berdinketa dela eta, azken erabakia datorren irailera arte atzeratu du Parlamentuak.

Hori gertatu ostean, baina, egoera lehertu da prentsaren aurrean. JxCk PSCren aldera lerrokatzea egotzi dio ERCri, eta hark gezurretan ari dela erantzun dio JxCri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.