Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan ohartarazi du FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadak abenduaren 20an emandako alde bakarreko su-eten mugagabea arriskuan zegoela. Kolonbiako Gobernuak gerrillaren kanpalekuen aurkako bonbardaketei ekin zien berriro apirilean, eta kolokan utzi zuen Kolonbiako gerrillak Habanako bake elkarrizketak indartzeko egindako urratsa. Bada, atzo hautsi zen azkenaldian tenkatuz joan den soka. Bertan behera utzi zuen FARCek su-etena, Kolonbiako armadaren erasoari erantzuteko; herenegun gauean, 26 gerrillari hil zituen armadak, Cauca departamentuko kanpaleku bat bonbardatzean. Juan Manuel Santos presidenteak iragarri du bonbardaketak ez direla etengo nahiz eta Habanako prozesuak jarraitu.
«Ez zegoen gure aurreikuspenetan gatazka baretzeko eta keinu humanitario gisa emandako su-etena etetea, baina Santosen gobernuaren koherentziarik ezak lortu du, bost hilabetez gure egiturari herrialde osoan airez eta lurrez eraso egin ostean», azaldu du gerrillaren idazkaritzak ohar batean.
Armadaren bonbardaketa gaitzetsi du FARCek, eta «odolustea» amaitzeko eskatu du. «Berdin ematen digute min gerrillarien eta soldaduen heriotzek, herri berberaren semeak baitira eta familia txiroetatik baitatoz. Gure borondatearen aurka, Habanako bake elkarrizketekin jarraituko dugu konfrontazioaren erdian». Santosek gerrillaren aurkako operazioei eutsiko diela jakinarazi duen arren, FARCek «lehenbailehen» alde biko su-etena ezartzea bultzatuko du, «bake prozesuaren hobe beharrerako eta biktima gehiago egon ez daitezen».
Pastor Alape FARCek Kuban duen negoziatzaileak Twitter sare sozialean azaldu du «ezinezkoa» dela gerrillak su-etenari eustea armadaren bonbardaketa «iraingarriaren» ondoren. «Min ematen du borrokan 11 soldadu hiltzeak, baina baita borrokatzeko aukerarik izan ez duten 26 gerrillarien heriotzek ere», adierazi du, joan den hilabetean FARCek hildako soldaduei aipamena eginik.
Santos presidenteak atzo baieztatu zuen 26 izan zirela FARCen kanpalekuaren aurkako erasoan hildako gerrillariak, eta operazioa defendatu zuen. Guapi inguruko oihanean egin zuten erasoa, herrialdearen hego-ekialdean. Halaber, jakinarazi zuen adingabe bat aurkitu zutela. Estatuburuaren arabera, kanpalekuan arma ugari konfiskatu dituzte.
Cauca departamentua izan da azkenaldian Kolonbiako armadaren eta gerrillarien arteko borrokalekua. Iragan apirilaren 15ean, FARCek 11 militar hil eta beste hogei zauritu zituen. Militarren arabera, «kontrol operazio bat» egiten ari zirela eraso zieten gerrillariek. FARCen arabera, ordea, «defentsa ekintza bat» izan zen.
Edonola ere, Santosek su-etena haustea leporatu zion gerrillari, eta iragarri zuen haren kanpalekuak bonbardatzeari ekingo ziela. Izan ere, hilabete lehenago, presidenteak behin-behinean bertan behera utzi zituen FARCen aurkako bonbardaketak, «bakerako keinu gisa».
Kolonbiako presidentearen arabera, herenegungo bonbardaketaren helburuak azaroan Gorgona uhartean "Ozeano Barean" polizia etxe bati eginiko erasoen egileak ziren. Horrez gain, «narkotrafikoaren, legez kanpoko meatzaritzaren eta estortsioaren aurkako» ekintzatzat jo du erasoa. «Kolonbiako herritarren defentsan eginiko eraso legitimoa da».
2012ko irailean bake negoziazioak ofizialki hasi zituztenean adostu zuten gatazka armatuaren erdian negoziatuko zutela, alegia, Kubako eta Kolonbiako gertakariak banatuko zituztela. Bakera bidean, Kuban aurrerapen garrantzitsuak egin dituzte nekazaritzako lurren, politikan parte hartzearen eta narkotrafikoaren aurkako borrokaren inguruan. Baina ezinbestean lotu dira alde bateko eta besteko gertakariak. Bakerako aurrerapausotzat jo zen FARCen su-etena, baina Kolonbiako egoera gorabeheratsua izan da azken bost hilabeteetan. Armadak erasoei ekingo ziela iragarri eta gutxira, hamar gerrillari hil zituzten eraso batean.
Bonbardaketak defendatzearekin batera, bakerako deia egin du Santosek. «Gerrilla mendeku hartzea pentsatzen ariko da, baina, hain zuzen ere, indarkeria, gorroto eta mendekuaren gurpil zoro honek luzatu du 50 urteko gatazka». Horregatik eskatu dio FARCi negoziazioak azkartzeko. «Zenbat hildako gehiago behar ditugu ohartzeko bakearen ordua iritsi dela?».
Defentsa ministroa
Santosek gobernuan aldaketak egin ditu bake prozesuari begira, eta Defentsa ministro izendatu du Luis Carlos Villegas. Juan Carlos Pinzon ministro ohiak gerrillaren aurkako jarrera sobera oldarkorra izan du, eta, analistek diotenez, negoziazioak errazteko egin du urrats hori.