New Yorkeko Apelazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen atzo Harvey Weinstein zinema ekoizle ohiari 2020. urtean ezarritako 23 urteko espetxe zigorra. Weinsteinen abokatuek helegitea aurkeztu zuten, argudiatuz epaiketa prozesuan «forma akatsak» izan zirela, eta gorteak onartu egin du. Auzi hark hautsak harrotu zituen AEBetan, hainbat emakumek testigantza eman baitzuten ekoizlearen aurka, urteetan eginiko sexu erasoengatik. Testigantza sorta hark hasiera eman zion Me Too mugimenduari. Oraingo ebazpenaren ostean, epaiketa berriz egin beharko dute, baina Weinstein ez da espetxetik aterako: 16 urteko beste zigor bat bete behar du Kaliforniako estatuan, sexu erasoengatik hura ere.
Apelazio auzitegiaren barruan ere eztabaida piztu zuen helegiteak: lau epailek eman zuten zigorra baliogabetzearen aldeko botoa, eta beste hiruk, berriz, kontra bozkatu zuten. Ebazpenean azaltzen denez, 2020ko prozesuan deklaratzera deitu zituzten Weinsteinen biktima izandako hiru emakume, baina testigantza horiek «ez zuten loturarik» epaitzen ari ziren gertakariekin: «Prozesuan bidegabeki sartu zituzten aurretiazko sexu jarduera batzuei lotutako aipamenak, salaketa aurkeztu zuten pertsonekin zerikusirik ez zutenak». Hortaz, apelazio auzitegiak ondorioztatu du «egoera onbideratzeko aukera bakarra» dela auzia berriz epaitzea.
Kontrako botoa eman duten epaileetako bat da Madeline Singas. Uste du epaiak «ezikusia» egin diola emakumeen testigantzek zuten garrantziari, frogatzen baitzuten Weinsteinek «nola manipulatzen zituen biktimak eta nola jardun zuen premeditazioz». Gaineratu du New Yorkeko Apelazio Auzitegiak «joera duela sententziak baliogabetzeko», sexu indarkeria kasuetan «akusatua errudun jotzen den bakoitzean». Anthony Cannataro epaileak ere kritikatu egin du ebazpena, argudiatuz emakumeen testigantzak «ezinbestekoak» izan zirela, «Weinsteinen ohiko jokabide eredua ezagutzeko». Michael J. Garcia izan da kontrako botoa eman duen hirugarren epailea, eta esan du ebazpena «atzera urrats bat» dela «sexu indarkeria kasuen errudunei erantzukizunak exijitzeko bidean».
Me Too mugimenduaren parte izandako zenbait aktorek ere txarretsi egin dute Weinsteinen kontrako epaiketa baliogabetu izana. «Lur jota nago. Noiztik ez da onartzen epaitegietan beste kasu batzuetako testigantzak entzutea, delitugileen jokabide ereduen froga gisa?», idatzi du Mira Sorvino aktoreak X sare sozialean. Ashley Judd aktoreak ere «etsituta» hartu du epaia: «Oso zaila da hau onartzea biktimentzat... Argi dugu zein den egia. Badakigu zer gertatu zen». Judd eta Sorvinoz gain, beste ehun emakumek salatu zuten Weinstein sexu erasoengatik.