Txetxeniako gatazka

Beslango sarraskia Errusiako soldaduen asaltoak eragin zuela ziurtatu du Basaiev gerrillarien buruak

Txetxeniako gerrilla independentistak bere gain hartu du Ipar Osetiako Beslango eskolako bahiketa. Shamil Basaiev gerrillarien buruak sinatutako gutun baten bidez aldarrikatu du ekintza, eta halaber, abuztu amaieran bi hegazkinen eta Moskuko metro geltoki baten aurkako erasoak eurek egin zituztela adierazi du. Nolanahi ere, Beslango bahiketari buruzko zenbait puntu argitu nahi izan ditu Basaievek: sarraskia ez zutela eurek eragin ziurtatu du, baizik eta Errusiako soldaduak indarrez sartu zirela eta hortik aurrerako gertakarien ondorioz hil zirela 400 pertsona inguru. Web orri batean agiri hori agertu den arren, Alan Maskhadov Txetxeniako presidenteak ukatu egin du independentisten ekintza izan dela.

2004ko irailaren 17a
15:32
Entzun
Basaievek independentista txetxeniarren web orrian plazaratu du aldarrikapen idatzia, eta han esaten du sarraskia ez zutela eurek hasi. Basaieven arabera, gerrillariek ez zuten lehergailu bat bera ere zartarazi; aitzitik, borrokak eta sarraskia Errusiako indar armatuak sartu zirenean hasi zirela ziurtatu du, eta Errusiak hasiera-hasieratik zeukala pentsatuta eskla indarrez hartzea.

Hain zuzen ere, gertakari horiek argitzeko batzorde independente baten ikerketa eskatu du Basaievek.

Bahituak aske uzteko eta elikatzen hasteko Moskuri zein baldintza jarri zizkioten ere zehaztu du Basaievek agiri horretan: Errusiako tropak Txetxeniatik erretiratzea eta independentziarako prozesua abiatzea.

Beslango bahiketan 330 pertsona inguru hil ziren, eta heriotza horiek guztiak "tamalgarriak" direla adierazi du Txetxeniako gerrillariek buruak. Hala ere, Errusiak Txetxenian 40.000 haur inguru hil dituela azpimarratu du.

Basaieven agiri hori agertu den arren, Alan Maskhadov Txetxeniako presidenteak ukatu egin du Beslango ekintza independentista txetxeniarren ekintza izan zela. Maskhadovek adierazi du eurek ez dutela halako sarraskiarik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.