EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Beste 12 palestinar hil ditu Israelgo Armadak Gazan

Jasser Arafatek mundu zabalari dei egin dio «Israelen krimenei amaiera emateko»; bigarren Intifadaren hasieratik, 3.000 palestinar hil dira

Erredakzioa
2004ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Gaza hegoaldean, Egiptorekiko mugan kokatuta den Rafako errefuxiatu bizigunean atzo egindako eraso militarretan, Israelgo Armadak 12 palestinar hil zituen eta beste 50 inguru zauritu. Asteartean Gazan hasitakoTsahalen oldarraldien ondorioz, 28 palestinarrek bizia galdu dute eta berrehundik gora zauritu. Denbora berean, 11 soldadu israeldar hil ditu erresistentzia palestinarrak.

Bezperan, Tsahaleko bost soldaduk segada batean bizia galdu ondoren, Israelgo Armadak airez eta lurrez eraso zuen atzo Rafako errefuxiatu palestinar bizigunea. Guztira, Tsahalen gerra helikopteroek eta hegazkinek hiru bonbardaketa egin zituzten, 11 palestinar hilda, hauetatik lau ekintzaile armatuak ei zirelarik. Aire eraso hauez gain, ehunka soldadu israeldar sartu ziren errefuxiatu bizigunean, bezperan han hil ziren bost militarren gorpuen bila. Mendeku egiteaz gain, Israelgo Armadaren helburua zen ere, Rafako bizigunean haren ustez kokatutako Kassam lehergailu jaurtigarri fabrikak desegitea. Aitzakia honekin, gutxienez 10 etxe birrindu zituzten soldadu israeldarrek. Etxe araketa hauek egiten ari zirelarik, Tsahaleko militarrek aurre egin zieten gerrillari palestinarrei eta gertatutako tirokaldi hauetatik batean hil zen 19 urteko palestinar gazte bat. Israelgo Armadako agintari goren Moshe Yaalon jeneralak adierazi zuenez, «soldaduek zartarazi dituzte morteroak eta Kassam roketak fabrikatzen ziren hainbat etxe eta eraikin; era berean, Gaza eta Egiptoren arteko segurtasun eremua handitu dugu». Rafako errefuxiatu bizigunearen aurkako erasoaldi honi ekin zion denbora berean, Tsahal irten zen Gaza hiriko Zeitun auzunetik. Hori gertatu eta berehala, Palestinako Aginte Nazionaleko segurtasun indarrek israeldarren esku utzi zituzten atzo, Eretzeko igarogunean, asteartean Gazako eraso batean hil ziren Tsahaleko sei soldaduen gorpuzkinak. Jihad Islamikoa eta Hamas erakunde armatu palestinarrek ontzat hartu zuten sei soldaduen gorpuzkin hauek errenditzea, Tsahalek bertan behera uzten bazuen Zeitun auzunearen aurkako hasitako erasoaldia. Soldadu israeldarren gorpuak bueltatzeko akordio hau lortu zen Egiptok egindako bitartekaritzari esker eta jarduera hau eskertzeko, Hosni Mubarak Egiptoko presidenteari deitu dio Ariel Sharon Israelgo lehen ministroak.

4.000 hil, bigarren Intifadan

Sorospen zerbitzu palestinarrek atzo emandako balantzearen arabera, Zeituneko 16 lagun hil dira eta beste 185 zauritu Israelgo Armadak Gaza Hiriaren auzune honetan bi egunez burututako oldarraldian. Soldaduek alde egin eta berehala, Zeituneko milaka bizilagun kalera atera ziren kalteez ohartzeko eta Tsahalen ekitaldi militarrean bizia galdu dutenen hiletetan parte hartzeko.

Aste honetako indarkerien ondorioz, 4.000 hildakoren kopurua gainditu da palestinarren bigarren Intifada 2000ko irailaren 28an hasi zenetik. Zehazki, 3.029 palestinarrek eta 916 isareldarrek bizia galdu dut, gaineratikoak atzerritarrak zirelarik.Aste hasieratik Gazan bizi den indarkeriaren aurrean, Jasser Arafat PANeko presidenteak dei samina zabaldu zion nazioarteari. «Mundu zabalari premiaz ekiteko deia egiten diogu, Israelek gure herriaren, gure haurren, gure emazteen, gure erakundeen, gure egituren eta gure leku sakratuen aurka burutzen dituen krimenei amaiera emaiteko», aldarrikatu zuen Arafatek. «Zeituneko auzunetik landa, krimen gehiago burutu dituzte Rafan eta dozenaka martiri eta zauritu erori dira, gure azpiegitura eta ondasunek, sekulako andeatzeak pairatu dituztelarik», gaineratu zuen PANeko presidenteak. Azken egunotako indarkeria oldeak Israelen ere ihardukitzerik eragin du. Gazatik erretiratzearen auzia hazi du israeldarren artean, agintean den Likud alderdiko kideek Ariel Sharonen bereizketa plana arbuiatu eta gero hil honen hasieran. Gazako Madarikazioa titulatu zuen atzo Maaraiv egunkariak; «honek ezin du luzarorago iraun», gaineratu zuen. Haaretz egunkariak, berriz, kolonoen eraginaren aurkako artikulu oso gogorra argitara eman zuen, hauen presioek zerikusi nabarmena izan dutelarik Likudek Sharonen bereizketa plana arbuiatzean.

-

GIZA LAGUNTZA



 

Bruselak 33 milioi dolarreko laguntza emango dio PANi





Europako Batzordeak 33 milioi dolarreko laguntza bat emango dio Palestinako Aginte Nazionalari, bizi baldintza oso larriak pairatzen dituzten Gazako eta Zisjordniako milioi bat herritarri premiazko sorospen bat ziurtatzeko gisan. Diru honek behar gorrian diren palestinarrei elikadura, ur edangarria eta saneamendurako bitartekoak emateko balio izango du.

Diru laguntza hau ECHO, Europako Batzordearen Giza Laguntzarako Bulegoak du banatuko Nazio Batuen Erakundeko agentzien, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen eta gobernuz kanpoko erakundeen artean. Paul Nielson, Garapenerako eta Giza Laguntzarako komisario europarrak zuen premiazko diru laguntza honen berri eman atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.