BESTE BATASUNA. Agintean urtebete egin ostean, independentzia grina handitu du herritarren artean SNPk

Eskozian egun bozak eginez gero, nazionalistek iaz baino hamar eserleku gehiago lortuko lituzkete

AMAIA PORTUGAL EDINBURGO
2008ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak herritarrekin eztei bidaian jarraitzen duela diote egunkariek. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak, independentzia aldarrikatzen duen alderdiak, duela urtebete gaurko egunez irabazi zituen hauteskundeak, eta, historiako lehen agintaldiaren ostean, independentzia grina are gehiago piztu du herritarren artean. Inkesten arabera, gaur egun boto gehiago izango lituzke alderdiak. Sunday Times egunkariak martxoan argitaratutakoa horren lekuko da: SNPk iazko hauteskundeetan baino hamar eserleku gehiago lortuko lituzke orain.

Eskoziako Legebiltzarra duela hamarkada eskas bat martxan jarri zenetik, Erresuma Batuak emandako eskumenak egokien kudeatu dituen gobernua izan da, askoren iritziz, SNPrena. Gobernuari ekin eta berehala zergak izoztu zituzten, enpresari txiki eta ertainei abantailak eskaini... Estreinako urtean neurri errazak, herritarrak gustura uzteko modukoak, hartzea leporatu dio oposizioak Salmondi. Aurreneko urte gozoa igarota, hala ere, datozenetarako nahikoa lan badute; esaterako, 2010erako iragarrita duten independentziaren aldeko erreferendumari bidea urratzea.

Inkestek argi erakusten dute iazko maiatzaz geroztik handitu egin dela independentziarekiko babesa; igoera 14 puntukoa izan da. Gainera, lehen aldiz, independentziaren aldekoak (%41) status quo delakoa mantentzea nahiago dutenak (%40) baino gehiago dira, Sunday Herald egunkariak apirilaren 20an ateratako inkestaren arabera.

Independentziaren auzian eskoziarren erdiak konbentzitzea ez du lortu, oraingoz, Salmondek. Hala ere, eskumenei buruzko eztabaida alderdi guztien agendan dago orain, eta hori baliatuta erreferendumean hirugarren aukera jarri nahi du gobernuburuak: independentzia, bere horretan jarraitu, edo eskumen gehiago eskatu. Baina hirugarren aukera hori gabe ere, baikor izateko arrazoiak ditu SNPk: inkestek diote are gehiago izango liratekeela independentziaren aldeko eskoziarrak, Erresuma Batuko datozen hauteskundeak kontserbadoreek irabaziko balituzkete. Eta Gordon Brown ez dago unerik gozoenean.



«ENTRETENIGARRIAGO». «Urtebete tarte txikiegia da». Brian Barclay atseden hartzen ari da Edinburgoko gazteluaren eta Princes Street kalearen artean dagoen lorategi zabalean. SNPren agintaldia hasi zenetik ez du aldaketa handirik sumatu: «Norberaren eguneroko bizimoduari eragiteko moduko ezer ez». Hala ere, datozen hiru urteetan aldaketak nabarmenagoak izango direla uste du; SNPk martxan jarri nahi duen zerga sistemak, esaterako, jendeari zuzenean eragin diezaioke: «Okerragoa izan daiteke erdi mailako irabaziak dituztenentzat». Betsy Saunders Museo Nazionalaren itzalpean dago; Glasgowkoa da bera. Haserre ageri da azkenaldiko aldaketei dagokienez: «Glasgowen inoiz desagerrarazi behar ez zituzten eraikinak bota dituzte».

Baina inkestek garbi diote eskoziar asko pozik dagoela. Edinburgoko Unibertsitate ondoko lorategian daude Phil Norton eta James Salomons gazteak. Gobernu berria liberalagoa eta irekiagoa dela diote. «Eta entretenigarriagoa», gaineratu dute Salmonden nortasuna gogora ekarrita -gustukoa dute batzuek, harroegia dela diote beste zenbaitek-. Eskoziaren independentziaren aldeko apustuarekin ere ados daude: «Zentzuzkoa da arma nuklearrez, petrolioaz eta halako auziez guk erabakitzea». Eskoziako kostaldearekin lotura estua dute bi kontu horiek, eta alderdi nazionalistak behin eta berriz izan ditu liskarrak Londresekin horregatik.

Shelagh McLachlan ere campuseko atarian dago, Medikuntzako graduondokoa egiten ari den alabaren zain. SNPk urtebetean hartutako erabakiek onura zuzena ekarri diote hari: unibertsitateko ikasleek ikasketak bukatutakoan ordaindu behar zuten zerga deuseztatu baitute. Haren arabera, jende askok aldaketa nahi zuelako eman dio botoa alderdi abertzaleari. Hori kontuan izan beharko dute datozen hiru urteetan: «SNPk promesei eutsi behar die, bestela jendeak fedea galduko du».



InKesTaK

Eskoziako Legebiltzarrean 129 diputatu daude. Jarraian alderdiek dituzten diputatuak ageri dira eta, parentesi artean, egun bozak eginez gero izango lituzketenak.

SNP: 47 (+10) =57

Laboristak: 46 (-2) =44

Kontserbadoreak:17(-1) =16

Liberal-demokratak: 16 (-4) =12

Berdeak: 2 (-2) =0

Independentea: 1 (-1) =0





michael matheson SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistako diputatua

«Jendea nahiko zalantzati zegoen eta asko harritu eta poztu dira»

A.p.

Edinburgo

Eskoziako Parlamentuko diputatua da Michael Matheson (Glasgow, 1970). Gobernuak gutxieneko babesa izan arren 2010ean erreferenduma egitea lortuko dutela uste du.

Nolakoa izan da lehen urte hau?

Oso arrakastatsua izan da. Jendea nahiko zalantzati zegoen eta asko harritu eta poztu egin dira. Giro aldaketa sortu dela ere sumatu dute, jarrera irekiagoa dagoela orain Eskozian. Uste dut gure arrakastaren gakoetako promesei eustea izan dela.

Inkestek diotenez, orain bozak izanez gero babes handiagoa izango zenukete.

Neurri handi batean enpresa arloan hartu ditugun erabakiekin lotuta dago babesa, eta, aldi berean, hezkuntzan edo zergei dagokienez martxan jarri ditugun neurriekin. Ez dira politika orokorrak, jendearen eguneroko bizimoduan eragina duten aldaketak baizik.

Parlamentuan gutxiengo babesa duzue. SNPk eutsi ahal izango al die promesei?

Urte honetan egin ditugun gauza askok ez dute berez Parlamentuaren babesaren beharrik. Hala ere, uste dut jendeak ikusten duela, gutxiengo babesa izanda, Gobernua egiten ari den ahalegina. Ikusten dute guk zer egin nahi dugun, eta Parlamentuak hori gelditzen badu errespetatu beste erremediorik ez dugula.

2010ean egin nahi duzuen erreferendumerako babes hori behar duzue, ordea.

Hor ere jarrera aldaketa izan da beste alderdiei dagokienez. Duela urtebete laboristek eta kontserbadoreek zioten Eskoziak ez zuela eskumen gehiagoren beharrik. Eta orain batzorde bat sortu dute [Eskoziaren eta Erresuma Batuaren arteko hitzarmena aztertzen ari da eta laboristek, kontserbadoreek eta liberal-demokratek osatzen dute] eta agian Eskoziak eskumen gehiago izan ditzakeela diote. Beste alderdi politikoek onartu dute, beraz, zilegi dela kontu hauek zuzenean eskoziarrei galdetzea.

Uste duzu, beraz, beste alderdiek onartu egingo dutela 2010ean erreferenduma egitea?

Ni oso baikorra naiz. Oso zaila izango litzateke eskoziarrei ulertaraztea haiek kontuan hartu gabe egingo dituztela aldaketak, eta batez ere independentziaren aukera ez dutela kontuan izango -aipaturiko batzordeak baztertu egin du aukera hori aztertzea-.

Independentziaren aldeko herritarren kopuruak gora egin du azken urtean. Zer ikusi du jende horrek orain, lehenago ikusten ez zuenik, Eskozia independente izan daitekeela pentsatzeko?

SNP ez da inoiz lehenago gobernuan izan, eta uste dut zer egiten ari den ikusita, konturatu direla ez dela ezer txarrik gertatuko Eskozia independente izanda. Konfiantzazko harremana sortu behar dugu jendearekin, erakusteko beste edozein herrialdek bezala gobernu bat izan dezakegula, ez dagoela zertan pentsatu eskoziarrak ez garela gai gure kontuez arduratzeko. Jendeak ikusi du SNPk gobernu hau ondo gida badezake are hobeto egin dezakegula eskumen gehiago izanez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.