BESTE BATASUNA. Bretainiako korrikaren

Euskal Herriko Korrikaren eredutik, Ar Redadeg lasterketak Bretainiako bost departamenduak zeharkatuko ditu hilaren 30etik maiatzaren 3ra; orotara 600 kilometro egingo dituzte.

2008ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ar Redadeg (lasterketa), hala deitu diote, sinpleki, Bretainiako Korrika izan nahi duen ekitaldiari. Euskal Herrian euskararen aldeko ekitaldi nagusietako bat denaren ereduari jarraikiz, bretoi hizkuntzaren inguruan herritarren ohartaraztea eta mobilizazioa bultzatzeko asmoz, lasterketa antolatu dute lehen aldiz. Apirilaren 30ean abiatu eta maiatzaren 3ra artean 600 kilometro egingo dituzte. Bretainiako bost departamenduak zeharkatuko dituzte: Naoneden (Nantes) abiatu eta Karaezen (Carhaix) amaituko da, jai giroan betiere.

Diwan eskolen federazioaren 30. urteurrena betetzen da aurten, eta horren haritik antolatu dute ekitaldia. Bretoierazko irakaskuntza ematen eta aldarrikatzen dute eskola horiek eta, lasterketarekin ere bretoieraren transmisioa premiazkoa dela aldarrikatu nahi izan dute, lekuko bat esku batetik bestera kilometro oro igarota. Diwanek azken 30 urteetan zailtasun askoren artean egin du aurrera, eta lan hori goraipatu nahi izan dute aurreneko Ar Redadeg honetan. Hurrengo aldietan -horrelakorik izango dela espero baitute antolatzaileek- betroieraren eta bretroi kulturaren alde lan egiten duten bestelako elkarteren bat sustatzeko eta laguntzeko asmotan egingo da lasterketa.

Naoneden abiatuko da aurrenekoa, hilaren 30eko gauerdi aldean eta maiatzaren 3an, arratsaldeko bostak inguruan, amaituko da, Karaezen. Ar RedadegLoire Atlantiquekohiriburutik abiatzeak esanahi argia du; izan ere, departamendu hori Bretainiako eskualdetik kanpo jarri baitu Frantziako Administrazioak, Pays de laLoire eskualdean sailkatuta. Loire Atlantique departamendua Bretainiako eskualdean jartzeko eskariei uko egiten die orainokoan Parisek.

Lehenengo ekitaldian, esperientzia eskasa dela eta, 600 kilometrora mugatu dute lasterketa. Hala eta guztiz ere, bost departamenduetatik igaroko da, baina Ille-et-Villaine ere ukituko du ere Redon hiritik igarotzean. Ibilbidea zehaztean, bretoierazko irakaskuntzan diharduten eskolak dauden hiri eta herrietatik igarotzea xedatu da.



EUSKAL HERRITIK LAGUNTZA JASO DUTE. Ibilbidean zehar, ekitaldiak eta jaialdiak antolatuko dituzte. Karaezen izango da jai nagusia, lasterketa helmugara iristen denean. Bretoieraren edo bretoi kulturaren alde ari den lagun edo elkarteren batek hartuko du lekukoa kilometro bakoitzean. Ehun eurotan dago salgai kilometro bakoitza, eta lekukoa eramango duenarekin batera korrika egingo dutenek, berriz, bizkarreko bat erosi ahal izango dute bost euroren truke.

Ar Redadeg sustatu dutenek eskarmentu handiago duten Korrikako antolatzaileen laguntza izango dute. Karaezen apirilaren 12an egin zen prestaketarako bileretan Euskal Herriko bi lagunek parte hartu zuten. Ar Redadegeta Korrikako antolatzaileen artean gehien aztertu zen kontua segurtasun arazoena izan zen. Korrikak arlo horretan bildutako esperientziaz baliatu nahi dira bretainiarrak. Karaezko kaleetan kilometro bateko proba ere egin zuten egun horretan.



Jean-michel sanner Ar Redadeg lasterketaren antolaketa taldeko animatzailea

«Korrikakoek euren eskarmentuaren berri eman digute segurtasun arloan»

a.s.

Ar Redadeg lasterketaren antolaketa taldeko animatzaile lanetan dihardu Jean-Michel Sannerrek. BERRIAk egin dizkion galderei erantzun die.

Euskal Herrian bi urtean behin izaten da Korrika. AEK helduei euskara irakasten diharduen erakundeak antolatzen du. Bretainian lehen aldiz antolatu duzuen lasterketa horren egitasmoa ildo beretik al doa ?

Gure asmoa izan da bretoieraren inguruko egitasmoak diruz laguntzeko xedean zerbait eratzea. Bretainiako gizartean bretoieraren eragina zabaltzea da helburua. Aurreneko aldi honetan, hain zuzen, bretoieraz irakasten duten Diwan eskoletako federazioaren 30. urtemuga ospatzeko jaialdiarekin lotu nahi izan dugu. Lehen Ar Redadeg honetan bilduko den dirua, beraz, Diwan eskolen alde joango da. Lehenengo ekitaldi honek arrakasta izatea espero dugularik, hurrengo lasterketak ere bretoieraren aldeko ekimenak diruz laguntzeko antolatuko ditugu.

AEKren antzeko zerbaitba al da Bretainian ?

Bai. Helduei bretoiera ikasteko ikastaroak badaude han-hor. Alabaina, horien artean elkarte bateratzaile bat sortu berri bada ere,Bretainia osorako federazio modura ez dabil oraindik.

Bretainia Diwan eskolekin aurrekari izan da bere hizkuntzaren defentsan. Ar Redadeg gisako ekimen bat, baina, lehen aldia da egingo duzuela. Zergatik ez lehenago ?

Dakidanez, saioak izan ziren aurretik, baina ezin izan ziren bururaino eraman. Bretainia bost departamenduk osatzen dute, eta eremu aski handia dauka. Uste dut erran daitekeela aurreneko ahalegin horiek ez zirela gauzatu ez zelako ados jartzerik izan. Argi da horrelako antolaketa batentzat indar handia behar dela, egitura sustatzaile sendo bat behar dela, sare eraginkor bat eratu behar dela. Horretaz gainera, aukera nagusi bat ere behar da, eta gure kasuan Diwanen 30. urteurrenaren ospatzea izan da.

Euskal Herritik aholku emaileak joan zaizkizue. Zertan lagundu dizuete ?

Karaezen apirilaren 12an egin zen prestaketa egunean, Korrikaren antolatzaileetako bi etorri ziren. Eman zizkiguten azalpen eta argibideetatik asko lasterka egileen eta inguruko guztiaren segurtasuna bermatzeari buruzkoak izan ziren. Gure lehen ekitaldi honetan ahal bezainbat huts gutxien egiteko lagungarri izango dira euren aholkuak.

Ar Redadeg lasterketan euskal ordezkaririk izangoal da?

Bai. AEK-ko ordezkariak izango dira azken egunean, eta badakit Euskal Herriko hainbat eragilek ere kilometroak erosi dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.