Kultur alorreko egitura ugarik, baita politika arloko jardule askok, Bretainiako Eskualde Kontseiluko eta Loire Atlantikoko Kontseilu Nagusiko presidenteek barne, babesa agertu diote lau eskabide dituen deialdiari.
Hasiera batean, 1978an Paris eta Bretainiako kultur eta politika alorretako ordezkari nagusien artean sinatu zen kultur hitzarmenaren 30. urteurrena ospatu nahi zuten antolatzaileek. Alabaina, Frantziako Gobernuak berriki bultzatu nahi izan duen egitasmo bat salatzeko baliatuko dute ekimena. Proiektu horrek herri kultura kolokan jarriko luke, herrigintzan boluntarismoz ari diren jarduleak profesionaltasun baten arauetara jartzera behartzearekin. Egitasmo hori salatzearekin batera, eskakizunen esparrua zabaldu egin zen, eta, ororen buru, kultur eta hizkuntza bretoieraren eskumenak aldarrikatuko dituzte gaur.
Eskuduntzak eta baliabideak
Bretainiako herri kultura zaintzeko eskaera egiteaz gainera, beste hiru aldarrikapen egingo dituzte gaur, Naoneden. Bretainiako lurralde batasuna bermatzeko aldarrikapena, Parisek Eskualde Kontseilu berritu horri kultura, irakaskuntza eta hedabideen arloetako eskuduntzak transferitzeko eta herri hizkuntzen garapena bermatuko duen lege bat indarrean jartzeko. Eskuduntza horiez jabetzearen harira, araberako diru laguntzak nahitaezkoak direla nabarmenduko dute. Eskuduntza horiek bereganatzeko, Frantziak Europako hizkuntzen hitzarmena betetzea eskatzen zuen mozioa onartu zuenBretainiako Eskualde Kontseiluak, iragan maiatzaren 8an.
Patrick Malrieu Bretainiako Kultur Kontseiluko presidentea
«Kultur hitzarmena sinatu eta 30 urtera, bada garaia eskumen gehiago lortzeko»
A. S.Festi'Manif manifestazioaren antolatzailea da orain dela 30 urte eratu eta gaur egun 51 elkarte edo egitura bateratzen dituen Bretainiako Kultur Kontseilua. Patrick Malrieu erakundeko presidenteak erantzun ditu BERRIAren galderak.
Bretainiako kultur hitzarmena duela 30 urte sinatu zen. Manifestazioan hori izango al duzue gogoan?
Gure hausnarketa hauxe izan da: kultur hitzarmenak bere garaian eta urteak pasatu ahala izan dituen ondorio onuragarriak argi dauzkagu, baina 30 urteren buruan argi daukagu ere, garaia badela beste maila batera igarotzeko, esan nahi baita instituzio eskuduntzak izateko maila batera.
Zein dira, esaterako, kultur alorrean eskuduntza horiek atzo baino gehiago gaur egun egon beharraren arrazoi nagusiak?
Orain dela 30 urte ez zegoen eskola elebidunik, esate baterako. Instituzio eskuduntza bat badaezpada egon beharra nabarmentzen da, bretoierazko irakaskuntzan ikasturte hasiera guztietan, aurten ere, errektoreak klaseak itxi nahi dituelako, ez duelako beharrezkoa den irakasle kopururik eskura jarri nahi edo ez duelako klase elebidunik ireki nahi, eskualde batean, zinegotzien, gurasoen eta irakasleen aldetik horretarako nahikundea argi agertu badute ere. Modu horretara ezin dugu aurrera jarraitu.
Hezkuntza arloko eskuduntza lortzeaz gainera, ikus-entzunezkoen alorrean ere Bretainia osoa aintzat hartuko duen erakunde bat beharrezkotzat jotzen duzue, ezta?
Jakina. Telebista eta irrati publikoei dagokienez, oraindik ere ez dugu bretoi kultura Bretainiako lurralde osoan bultzatzen duen hedabiderik. Frantziako administrazio zatiketaren aitzakian, bretoierazko saio bakanak ez dira ikusten edo entzuten ahal Loire Atlantique departamenduan. Horrek ere ezin du iraun. Bestalde, hezkuntza eta hedabide kontuez gain, premia gorria bada ere bretoieraren erabilera zerbitzu publikoetan bultzatzeko ahalegina egingo duen erakundea.
Herrigintzan ari diren lagunak herri kultura sustatzen, arau profesionalen arabera jokatzeko egitasmoa erakutsi berri du Parisek. Ekimen hori ere salatu nahi duzue, ezta?
Bai horixe. Proiektu hori gauzatuko balitz, herrietan egin ohi diren jaiak edota kultur alorreko elkarteen etorkizuna galbidean jarriko zen; izan ere, inondik inora ez luketelako arau profesionalei egokitu beharrak eragingo zuen diru zamari aurre egin ahal. Eskerrak, baina, sei hilabetez gogor borroka egin ostean, Frantziako Kultur Ministerioak bertan behera utzi duela proiektu zentzugabe hau.
Gertaera hori nahiko adierazgarritzat jo duzue politika eskuduntzak izateko beharra aldarrikatzeko.
Bretainiako Eskualde Kontseiluak ez zuen sekula horrelako egitasmo burugaberik asmatuko. Nolanahi ere, guztiz adierazgarria da, bai, ulertzen ez dituen auzien kudeaketari buruz duen ezintasuna Frantziak. Ulertu ezin horrek astakeriak egitera eramaten du.