BESTE BATASUNA. Deszentralizazioan sakondu nahi du Flandesek datozen elkarrizketetan

Belgikako estatuaren erreforma aztertzen hasiko da batzorde bat, baina ez independentzia lortze bidean

2008ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Belgikako estatu federalaren erreforma aztertuko duen batzordea heldu den asteartean, hilaren 15ean, bilduko da, estatuak pairatzen duen krisi politikoari aterabidea ematen saiatzeko. Horretarako, funtsezkotzat jotzen dute deszentralizazioan sakontzea, Flandesko alderdiek eskatzen duten bezala. Halere, alderdi nazionalista flandestar batzuek eta herritar askok Flandes Belgikatik bereizteko eta independentziarako bidean jartzeko helburua duten arren, politikarien batzordearen lana ez da zentzu horretara bideratuko.

Iragan abenduaren 19an, ordezkari politikoek, sei hilabetez gobernua ezin osaturik ibili ondoren,flandestarren eta waloniarren arteko behin-behineko koalizio gobernua lortu zuten. Belgikako estatu federala 192 egunez egon zen krisi latzak jota. Baina kabinetea behin-behinean osatzeak ez du krisia erabat konpondu. Abenduan Guy Vershofstadt flandestar liberala (Open VLDkoa), ekaineko bozak egin arte Belgikako lehen ministroa izandakoa, behin-behineko kabineteko buru izendatu zuten. Bozetan nagusitu arren, Yves Leterme kristau-demokrata flandestarra (CD&Vkoa) ez zen gai izan sei hilabetean kabinetea hezurmamitzeko, eta Belgikako erregeak Verhofstadti agindu zion hura osatzeko lanak zuzentzeko.

Behin-behineko kabinetea, alderdi flandestar eta waloniarretako ordezkariek osatua, datorren martxoaren 23a arte ariko da lanean. Ordu arte, instituzioen krisiari aterabide iraunkorra emateko bideak eta gizarte alorreko arazoei aurre egiteko moduak aurkitu beharko ditu Vershofstadtek.

Estatuaren erreforma aztertuko duen taldea 12 politikarik osatuko dute. Verhofstadt eta Letermez gain, zortzi alderdi nagusietako -Vlaams Belang eskuin muturreko alderdi nazionalista flandestarra izan ezik- ordezkariek osatuko dute, hots, liberalak, sozialistak, demokristauak eta berdeak, hala flandestarrak nola waloniarrak.

Alderdi bakoitzak Hamabikoen Taldean (aditu taldea) izango duen ordezkari kopurua Belgikako Legebiltzarrean duen diputatu kopuruaren araberakoa izango da.

Eztabaidaren abiapuntu gisa Verhofstadtek atondutako dokumentua izango dute. Honek proposatzen du beste estatu erreforma bat egitea -aurrekoa 60ko hamarkadan egin zuten-, hiru eskualdeei (Flandes, Walonia eta Brusela) eskumen gehiago emateko. Halere, autonomien mugak finkatzeko, estatu federalak eskumen batzuk atxiki eta sendotuko lituzke.

Hala, haren asmoen arabera, arlo ekonomiko garrantzitsuenetan, hala nola errentaren eta elkarteen gaineko zerga mailan, eskualdeek autonomia handiagoa izango lukete. Alabaina, elkarteen gaineko zergari dagokionez, Estatuak gutxieneko tarifa bat finkatuko luke, estatu osoko merkatuan haustura gertatzea eragozteko. Era berean, lan, politika judiziala eta errepideetako segurtasun arloetan hainbat eskuduntza izango lituzkete Flandes, Walonia eta Bruselak.

Belgikako Senatuak ere izango luke aldaketarik, Verhofstadten proposamena onartzen bada, betiere. Hauteskunde sistema aldatuta, 150 senatarietatik 33 hauteskunde barruti bakarrean -federalean- hautatuko lituzkete. Gaur egun herrialde bakoitzak hautatzen ditu bere senatariak, eta horrek zatiketa errazten du. Waloniarrak dira sutsuenak Flandes Belgikatik bereiztearen kontra.



PROPOSAMEN «DESOREKATUA». Hain justu, PS alderdi sozialista waloniarreko buru Elio Di Rupok «flandestarren alde desorekatua» iritzi dio Verhofstadten agiriari.

Belgikako Gobernua behin-behinekotasunetik harago osatu ezinaren arrazoi nagusia nazionalista flandestarren eta unionista waloniarren arteko jarrera eta helburu kontrajarriak dira.

Independentista flandestarrek uste dute traumarik gabe bereiz daitekeela Flandes Waloniatik -eta, beraz, Belgikatik-, Txekiak eta Eslovakiak 1993an egin zuten bezala. Azken biak Europako Batasuneko kide dira 2004tik.

Azken hileotako elkarrizketetan, buruzagi flandestar batzuek estatu federala konfederazio baten mailaraino deszentralizatzea proposatu zuten, aginte zentralak atzerri harremanen eta defentsa arloak soilik izan zitzan.

Waloniarrek, ordea, ez dute halakorik nahi, areago, jakinda Flandes aberatsagoaren laguntzen -Estatu federalak bildutako zergetatik bideratuta- beharra dutela. Behiala pobreagoa zen Flandes, eta aberatsa Walonia, haren meategi eta industriari esker, baina azken hamarkadetan egoera zeharo aldatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.