«Oso kontent nago. Lehen aurrekontu historikoa onartu du Legebiltzarrak, eta Alderdi Laboristak eta Liberal Demokratek arrunt galduta dirudite», nabarmendu zuen Salmondek bozketa irabazi bezain pronto. SNPko 47 ordezkariren, Alderdi Kontserbadoreko 16ren -Legebiltzarreko presidentea tory-a da, baina ezin du bozkatu- eta Margo MacDonald diputatu independentearen babesa jaso zuen aurrekontu proposamenak.
Aurrekontua eztabaidatzeko azken egunean, bozketaren aurretik, lehen ministroak ultimatuma eman zien oposizioko kideei: aurrekontua onartu ezean dimisioa emango zuen. Hala gertatuz gero, hainbat aukera zeuden aurreikusita, tartean, beste diputatu batek hartzea Gobernuaren ardura, eta hauteskundeak aurreratzea. Oposizioko kideek «hordago» iritzi zioten Salmonden mehatxuari. «Lehen ministroak, pantomima baten bidez, dimisioarekin mehatxatu gaitu, dagoeneko eginda zituen akordioek ematen zioten segurtasunetik», salatu zuen laboristen eledun Iain Grayk.
Liberal Demokraten eledun Tavish Scotten esanetan, Finantza ministro John Swinneyk «lan bikaina» egin du «tory-ak erosten eta merke erosten, gainera».
The Scotsman egunkariak honela azaldu zuen laboristen noraeza eta umiliazioa: «Laboristak aurrekontua kritikatzen hasi ziren, gero emendakin bat aurkeztu zuten, eta, azkenean, sorta osoaren aurrean -beren zuzenketa onartua izan arren- abstenitu egin ziren».
Horiek hala, hainbat egitasmo gauzatzeko moduan izango da orain SNPren kabinetea: tokiko gobernuetako zergak bere horretan utzi eta negozio txikietakoak ezabatu, Forth eta Tay ibaietako zubietako ordainsariak kendu, kalean polizia gehiago hedatu eta gehiago errekrutatu, eta klima aldaketari aurre egiteko diru gehiago bideratu.
rob gibson SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko diputatua
«Gure gobernuak egonkortasuna izango du programa gauzatzeko»
j.m.s.SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko diputatua da Rob Gibson (Glasgow, 1945). Irakasle aritua, 2003tik da SNPko diputatua, Highlands eta Uharteen barrutitik hasieran, eta iaztik Caithness barrutitik. Gaur egun, Evantonen (Baile Eoghainn) bizi da, SGP Alderdi Berdeko diputatu ohi Eleanor Scottekin. Herenegun Legebiltzarrean izandako bozketaren atzetik dagoena azaldu dio BERRIAri.
Aurrekontua onartu ezean dimisioa emango zuela egin zuen mehatxu Salmond jaunak, baina oposizioak hordagotzat jo zuen. Zer diozu horretaz?
SNP bozketan garaitua izan balitz, tokiko erakundeetako gastuaren auzia eta beste proposamen ekonomiko batzuk bazterrean geratuko ziratekeen, eta horrek finantza krisia eragingo zukeen. Hortaz, Salmondek ez zuen hordagoa jo, oharkizuna baizik. Gainera, laboristak, liberal demokratak eta berdeak abstenitu egin dira. Laboristek emendakin bat onartzea lortu dute, baina gero ez dute bozkatu. Azkenean, bozketa irabazi dugunez, gure gutxiengo gobernuak halako egonkortasuna izango du, programa gauzatzeko.
Zer-nolako kontzesioak egin dituzue 'tory'-en eta diputatu independentearen sostengua lortzeko?
Esaterako, Margo MacDonald diputatu independenteak proposatutakoa onartzea, hau da, Edinburgok hiruburu gisa behar dituen gastu bereziak aintzat hartzea. Kontserbadoreei dagokienez, guk aurreikusitakoa baino 200 polizia gehiago jartzea kaleak zaintzen, eta beste 500 gehiago errekrutatzea. Funtsa hau da: polizia gehiago kalean, eta gutxiago bulegoetan. Halaber, negozio txikiek dituzten zerga batzuk kendu egingo ditugu. Maila ertaineko negozioetan ere murrizketak egingo ditugu.
Kontzesio horiek asko aldatuko al dute Gobernuaren egitasmoa?
Proiektu batzuk oraingoz gerarazi behar izan ditugu, hala nola errepideak konpontzea eta Internet erabiltzea mediku zerbitzuak garatu eta hobetzeko. Baina egitasmoaren funtsak bere horretan dirau.
Alderdi Laborista SNPren aurkari porrokatua izanik, nolatan abstenitu da bozketan? Kontzesioak egin dizkiozue?
Ezindutako jendearentzako zerbitzuak hobetzeko eta pobreziari aurre egiteko alorretan kontzesio batzuk egin ditugu, baina laboristek aurrekontuaren eztabaida prozesuan egin dituzte emendakinak, gutxi batzuk. Hortik aurrera, ez dute bozketan parte hartu.
SNPk bozketa galdu eta Salmondek dimisioa eman izan balu, nola eragingo ziokeen independentzia erreferendumerako zuen alderdiak duen proiektuari?
Agian SNPren beste administrazio batek hartuko zukeen Salmondenaren lekukoa. Baina hauteskundeak aurreratu behar izanez gero, SNPk diputatu gehiago lortuko zituzkeen -iritzi inkestek hala diote-, aurrekontuak herritarren oso iritzi ona zuelako. Hori oso argi zuten alderdiek, eta horrexegatik abstenitu dira batzuk, hauteskunde aurreratuek ekar zezaketenaren beldur baitziren.
Nola ari da SNP jarraitzen Kosovoren independentziarako prozesua? Zer ikas daiteke horretatik eta beste herrialde batzuen independentzia prozesuetatik?
Interes handiarekin jarraitzen ditugu prozesu horiek. Kosovon ez bezala, hemen ez dugu indarkeria pairatu, eta nahiko genuke hangoa prozesu baketsua izatea, baita Euskal Herria, Katalunia, Flandes, Gales eta beste herrialdeetakoak ere. Indarkeria gainditzeko elkarrizketa nazionala bultzatzeko presio egin beharko genuke boterean gauden alderdi nazionalista guztiok.