Inkesten arabera, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistak irabazi behar zituen Glenrothes barrutiko hauteskundeak, Eskozian. Ez da hala izan, ordea. Aurreikuspenen aurka, Alderdi Laboristak irabazi ditu Legebiltzarrerako bozak, eta, hortaz, bere esku geratuko da jokoan zegoen Westminsterreko eserlekua. Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak 2007ko ekainean kargua hartu zuenetik lortzen duen lehen garaipena izan da hori; izan ere, azken hilabeteetan egindako bozetan zituzten eserlekuak galdu dituzte laboristek. Hala, Brownek finantza krisiari aurre egiteko martxan jarritako politikak eta horrek izandako arrakastak eman ditu lehen fruituak Alderdi Laboristan.
John MacDougall diputatu laboristaren ordezkoa betetzeko hauteskundeak egin zituzten herenegun Eskoziako Glenrothes barrutian. Iragan uztailean Glasgow Ekialdean (Eskozia) jasotako porrotaren ondotik, eta beste hiru barrutitan egindako bozak galdu eta gero, Glenrothesko garaipenak lasaitua eman dio Browni. McDougallen ordezko izateko Alderdi Laboristak aurkeztutako hautagai Lindsay Royk aldeko 19.046 boto eskuratu ditu; hau da, 2005eko bozetan baino 6.370 boto gehiago. SNPko Peter Grantek, berriz, ia 13.209 boto, duela lau urte baino 4.500 gehiago. Parte-hartzea, aldiz, %52,37koa izan da.
Hauteskundeak irabazi ez baditu ere, Alex Salmonden alderdiak nabarmen egin du gora Glenrothesen. «Barruti honetan, orain urte gutxi batzuetako datuekin alderatuta, SNPren aldeko botoa ia %50ean handitu dela konturatu gara», adierazi du Grantek. «Edozein irizpide hartuta ere, emaitza hori itzela da».
Eskoziako nazionalistek Glasgow Ekialdeko eserlekua eskuratu zuten, laboristen kalteko. Eta herenegungo hauteskundeetan antzerako emaitzak eskuratzeko konbentzimendua zuten. Gordon Brownen ospea handitu izanak, ordea, aukera hori kendu die.
BESTE BATASUNA. Eskozian Glenrothesko bozak irabazi dituzte laboristek
SNP Eskoziako alderdi nazionalistak nabarmen egin du gora Glenrothesen, bigarren gelditu bada ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu