Alsazia, Bretainia, Euskal Herria, Katalunia, Korsika, Okzitania eta Saboiako zortzi alderdi politiko autonomista biltzen dituen RPS Eskualde eta Herri Elkartuen kongresuak 13. udako unibertsitatea egin du, aste honetan, Korsika burujabearen hiriburu izan zen Cortin. Lau eguneko bileran estaturik gabeko nazioen etorkizunaz aritu dira parte-hartzaileak.
Astelehenean egin zuten lehen mahai-inguruan Ekonomia, eskualdeari nola berregokitu? gaia izan zuten hizpide. Gai hori jorratzen aritu ziren RPSko presidente eta batasun honetan partaide den Okzitaniako Alderdiko buruzagi eta Lyongo unibertsitateko Zuzenbide irakasle Gustave Alirol; Frantziako Berdeak alderdi ekologistako idazkari nagusi Cecile Duflot; Michel Biggi Cortiko unibertsitatean ikertzaile eta irakaslea; Paul-Jo Caitucoli Korsikako nekazaritza bultzatzeko zentroko buru eta Hego Korsikako Kontseilu Nagusiko hautetsi eta Josep Arasi I Ferrer baserri garapenerako soziologo eta kazetari katalana.
Guztiak bat etorri ziren bide egokia eskualde eta herrialde txikien ekonomia arloko etorkizunean, tokian tokiko bizipideen garapen, elkartasun eta osagarritasunean oinarritutako esparru zabalagoekiko trukeak uztartzea dela. Filosofia eta egitasmo hauekin bat etortzen da, hain zuzen, Europako Legebiltzarrean ordezkariak dituen ALE Europako Aliantza Askea indar politikoa, zeina Cortiko konferentzien antolatzaileetako bat den.
Kirola ere nortasun ikur
Bigarren mahai-inguruak, berriz, kirola eta herri nortasuna izan zituen eztabaidagai. Horren inguruan hitz egin zuten Dominique Nicolai Korsikako futbol selekzioaren aldeko elkarteko presidenteak; Okzitaniako Futbol Elkarteko buru Peire Costak; Jose Pasqualetti Bastiako (Korsika) Sporting Clubeko erreserba ekipoko entrenatzaileak; Paul Silvani Kirola eta Gazteria zuzendaritzako lurralde arduradunak eta Euskal Herriko Punpa enpresako buru Ander Ugartek. Herri nortasun nabariak dituen herrialde batek kirol lehiaketetan bere kabuz aritzeko eskubidea onarrarazi beharra berretsi zuten mahai-inguru horretan.
Hirugarren mahai-inguruaren aipagaia izan zuten Euro-Mediterraneo batasuna: utopia ote?. Frantziako presidenteak orain dela gutxi abian jarritako Mediterraneoaren aldeko Batasuna ekimenak gaurkotasun gori-gorian jarri du mintzagai hori. Alabaina, pentsatzekoa denez, estaturik gabeko herrialdeen autonomia politikoa garatu nahi dutenek ez dauzkate estatu-nazioetako agintarien irizpide berak.
Hori argi agertu zen mahai-inguruko hizlari izan zirenen adierazpenetan, mintzaide hauek zirelarik: Nelly Maes ALEko presidentea; Fauzaya TalhauiFlandesko Spirit alderdiko senataria; Ahmed Adghirni Amazigh Alderdi Demokratikoko idazkari nagusia; Sampiero Sanguinetti kazetaria eta Biggi.
BESTE BATASUNA. Estaturik gabeko nazioetako alderdi autonomisten bilera egin dute Cortin
Zazpi lurraldetako ordezkaritzak bildu ditu Korsikan Eskualde eta Herri Elkartuen 13. kongresuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu