Belgikako estatu federaleko flandriarren eta frantses hiztunen arteko gatazka beste behin piztu da,wonen in eigen streek izena eman zaion gobernu flandriarraren ekimena dela eta. Eskualdean bertan bizi esanahia duen dekretu horrek, Brusela inguruko eta Flandriako itsasertzeko 69 udalerritan etxebizitza bat erosteko irizpideak ezartzen ditu. Eta frantses hiztunen iritzian, Flandriako etxebizitza araudiaren atal hori «baztertzailea da», eta Belgikako Konstituzio Auzitegian helegiteak jarri dituzte. Flandriako Eskualde agintariek azaldu dute dekretuak etxebizitzen salneurri gehiegikeriei aurre egiteko helburua duela soilik. Alabaina, «okerrak» egin direla aitortuta, zuzenketak egingo direla iragarri dute.
Flandriako Parlamentuak 2006. urtean onartu zuen wooncode etxebizitzaren araudiaren ildoan sakonduz, eskualdeko agintariek eskualdean bertan bizi agindua indarrean jarri dute. Horrek Brusela inguruko eta Flandria itsasertzeko 69 udalerritako agintariei legezko aukera ematen die etxebizitza bat erosi edo eraikinahi dutenei irizpide mugatzaileak jartzeko. Zehazki, udalerri horietan etxe bat erosteko edo eraikitzeko betebeharreko baldintzak hauek dira: herri horietan sei urte gutxienez bizi izana, etenik gabe; herrian bertan gutxienez denbora erdiko lan bat edukitzea; eta herriarekin gizarte loturaren bat izatea.
Dekretu horretan oinarrituta, Koksijde eta Dilbeek herri flandriarretako udal agintariek etxebizitzak erosteko baimena ukatu diete berriki Bruselako bi familia frantses hiztunei. Gertaera horrek sutan jarri ditu frantses hiztunak, eta CdH alderdi kristaudemokratak iragarri du Belgikako Konstituzio Auzitegian helegitea jarriko duela. Frantses hiztun muturrekoenen iritziz, Flandriako agintariek onartutako dekretua «baztertzailea» izateaz gain «xenofobian» sustraituta ere bada.
Hori ez dela inondik inola ere egia eta frantses hiztunek flandriarrak xenofobiaz akusatzean behin betikoz amaitu behar dutela iharduki du Eric Van Rompuy diputatu flandriarrak. Belgikako lehen ministro izandakoa da, eta gaur egun Europako presidente Herman Van Rompuyren anaia. Van Rompuyk gogorarazi du eskualdean bertan bizi atalaren helburua dela herri batzuetako biztanleak etxebizitzen salerosketan egiten diren gehiegikerietatik babestea. Izan ere, Flandriako itsasertzeko edo Brusela inguruan diren zenbait herritan etxebizitzen eta eraikuntzarako lur eremuen garestitzeak zailtasunak sortzen dizkie herritar ugariri.
«Agindu honekin lortu nahi den helburua gizarte zuzenbide bat bermatzea da; inondik inola ere gizataldeen arteko bereizketak sortzea», azaldu du CD&V alderdiko kide Van Rompuyk.
Haatik, agindu hori indarrean jartzearen kasu batzuetan «okerrak» gertatu izan direla aitortu du diputatu flandriarrak. Van Rompuyk azaldu duenez, «araudi hau eraikuntza eremu berrietan soilik aplikatzekoa da; erabilera jakin eta mugatuak ditu, beraz». Hala, Koksijde eta Dilbeek herri flandriarretan etxebizitza alorreko udal batzordeak bi familia frantses hiztunei etxeak erosteko baimena ukatu izana «araudiaren interpretatze oker baten ondorioa» izan dela nabarmendu du Van Rompuyk. Horiek horrela, dekretuari zuzenketak egingo dizkietela agindu du «oker interpretatze eta gauzatze hauek eragozteko». Horren haritik, Flandriako Etxebizitza ministro Freya Van den Boshek ere iragarri du dekretua moldatuko dela.
BHV auziaz botoa, maiatzean
Etxebizitza araudia zuzendu beharra aitortu badu ere, Eric Van Rompuyk bipil salatu du frantses hiztunek flandriarrei egotzi ohi dizkieten «xenofobia» jokabideak. «Frantses hiztunek gelditu behar dute, behin betikoz, flandriarrak xenofobotzat jotzeaz; flandriar asko nardatzen hasiak dira akusazio gezurti hauetaz», ohartarazi du diputatu flandriarrak.
Horrek BHL Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiaren etorkizunaz flandriarren eta frantses hiztunen arteko gatazka bizia ere aipatu du. Van Rompuyren iritzian,auzi horri konponbide hitzartu bat aurkitzeko ahaleginetan ari den Jean-Luc Dehaene Belgikako lehen ministro ohiak «irtenbide iraunkor bat planteatu behar du, ez kili-kolo geratuko den hautsi-mautsi bat». Van Rompuyk ohartarazi du Dehaenek zerbait proposatu behar duela maiatza aurretik, Flandriako Parlamentuak hitzartuta baitauka auziaz bozketa bat egitea ordurako. Flandriarrek nahi dute barrutian diren 35 udalerriak Frandrian sar daitezen. Frantses hiztunek ez dute hori nahi, frantses hiztun hautagaien alde boto egiteko aukera galduko bailukete kasu horretan.
BESTE BATASUNA. Etxebizitza araudia baztertzailea dela salatu dute frantses hiztunek Flandrian
'Eskualdean bertan bizi' dekretua 69 udalerritan da indarrean, eta herrian bizi eta lan egitea jartzen du irizpideen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu